Le nuit se traine (Michiel Blanchart) film frantziarrak abiatuko du gaur lehiaketa. Bestetik, EQZEko ikasleek propio aukeratuta, 918 GAU (Arantza Santesteban, 2021) filma ikusteko aukera egongo da ekainaren 21ean.

Nouvelles Vagues-2024-zinea

Zinemagile gazteen istorioak, esperantzak eta horien indarra ezagutzeko aukera egongo da, gaurtik aurrera, Miarritzen. Ekainaren 23ra bitartean gauzatuko den Biarritz Film Festival – NOUVELLES VAGUES zinema jaialdiaren baitan, 30 film inguru eskainiko dituzte, mundu mailako estreinaldiak asko, eta gonbidatu bereziak gerturatuko dira hirira.

Zortzi lanek osatuko dute nazioarteko sail ofiziala. India, Irlanda, Egipto, Belgika, Frantzia, Erresuma Batua eta AEBko ekoizpenak pantailaratuko dituzte Gare du Midi antzokian, eta horien lan-taldeek aurkeztuko dituzte iluntzeetako saietan. Michiel Blanchartek zuzendutako Le nuit se traine filmak abiatuko du lehiaketa, 19:00etan, hala ere, beste hainbat emanaldi egingo dituzte egunean zehar. Agnès Varda omenduko dute 14:00etan, zinemagile frantziarraren La pointe courte (1954) Cinéma Leb Royal aretoan emanez, eta John Landisen Three Amigos! (1986) eta Zakaria Jabeurren Anxious in Beirut (2023) erakutsiko dituzte arratsaldean zehar.

Filmak ikusi eta baloratzeaz 35 urtetik beherako nazioarteko epaimahaia arduratuko da, zinema eskoletako ikasleek osatutakoa. Gainera, Kultura Pasea duten gazteek ere beren epaimahai propioa izango dute, eta denek topaketetan zein gainerako jardunaldietan parte har dezakete, publiko orokorrarekin batera.

Gonbidatuak eta bestelako jarduerak

Gazteria izeneko atalean zinemagile entzutetsuek -Matt Dillon, James Franco, Alice Diop, Alain Chabat, Alex Lutz, and Rosalie Varda- aukeratutako film bana aurkeztuko dute, Zer egin dezakete gazteek? galderarekin lotutakoa. Era berean, bost zinema eskolako ikasleek gauza bera egingo dute, beren herrialdean gazteria islatzen duen pelikula aukeratuz. Kasu honetan, Donostiako Elías Querejeta Zinema Eskolako ikasleek 918 GAU (Arantza Santesteban, 2021) erakutsiko du ekainaren 21ean, Royal 1 aretoan.

Bestetik, Karla Sofía Gascón aktorea omenduko dute, 2024ko Cannesko Zinema Jaialdian emakumezko aktore onenaren saria irabazi duena. Jacques Audiarden Emilia Pérez lanean parte hartu du, eta hain zuzen ere, berau aurkeztuko du bihar, ekainaren 19an, Cinéma Le Royal aretoan. Ostean, Guillemette Odicinorekin arituko da hizketan.

Pierre Niney, Noémie Merlant, Zar Amir, Souheila Yacoub, Lucas Bravo, Vassili Schneider eta beste hainbat ere gonbidatuko dituzte datozen egunotan Biarritz Film Festival – NOUVELLES VAGUES zinema jaialdira.

Ezagutu egitarau osoa, hemen.