Sortzaileen komunitateari bultzada eman eta ikus-entzunezko sektorea sendotzeko asmoz, Donostiako Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentroak hiru lantegi hartuko ditu ekainean, eta bi uztailean.

Tabakalera tailerrak 2024 uda-zinea

Ekainaren 20an (10:00-14:00), Europa Creativa Desk MEDIA Euskadirekin elkarlanean, ikus-entzunezkoaren profesionalak kazetariekin eta algoritmoekin nola harremandu ezagutzeko eta horretarako bideak arakatzeko prentsa lantegia eskainiko dute Maria Guerrak eta Mariaje Gonzalezek.

Hizlariek errealitate konplexu eta hiperkonektatu batean mugitzeko tresnak eskainiko dituzte, helburu hauekin: zer komunikatu komunikabideei, nola komunikatu zure proiektua eta nola kontrolatu presentzia eta identitate digitala. Kasu zehatzetan oinarrituko da saioa, jardunbide egokiko kasuak aztertuz eta estatuan eta nazioartean komunikazio-arrakastako profilak aurkeztuz.

Bestetik, Maui Alena zinema dibulgatzaile, programatzaile eta ikerlariak Kanpaiak galdatzeari eta ikonoak margotzeari buruz. Nondik eta zergatik egin zinema 2024an? hitzaldia eskainiko du egun berean, 18:00etan; sarrera librea da. Laborategi, egoitza, beka edo era guztietako laguntzen bidez filmak garatzeko espazioez hitz egingo du:

Estatuak kulturari ematen dion babesa gero eta mehatxu handiagoa izaten ari den une honetan, kultura merkantilizatzeko joera antzematen den honetan, sortzailea lan/produktu bihurtu da berez, merkatuek eta laborategiek etengabe saldu beharrekoa. Obrak dagoeneko utzi dio prozesuaren xedea izateari eta, horren ordez, bitarteko bihurtu da, hain zuzen ere garapen profesionaleko espazio horietara sarbidea izateko. Hortaz, inoiz baino gehiago galdetu behar dugu: Nondik eta zergatik egiten ari gara zinea? Zer gaude sakrifikatzeko prest gure filmak existitu daitezen?

Ekainaren 28an, Mundu narratibo birsortzaileak idazketa-tailerra gidatuko dute Lucy Stone eta Gustavo Montes de Ocak. Hilaren 25era arte eman daiteke izena eztabai@sansebastianfestival.com korreo elektronikora mezua bidalita. Mundu narratiboen eraikuntza dagoeneko hemen dagoen etorkizunaren adibideetan oinarrituko dute lantegian.

Uztaileko tailerrak

Bi sorkuntza-lantegi aurreikusi dituzte uztailerako. Batetik, uztailaren 3tik 5era Adimen Artifiziala izango dute ardatz SerendipIA lantegian. ARTEFAKTO Filmseko Jorge Caballerok eta Anna Giralt Grisek emango dute, eta ikus-entzunezko pieza kolektibo bat sortzeko AAn oinarritutako tresnak erabiliko dituzte.

Azkenik, Euskal Herriko queer memoriaren inguruko zinema sorkuntza aztertuko dute Memoria lotsagabeak lantegian. Uztailaren 15etik 26ra, 10 parte hartzailek gehienez hamar minutuko iraupena izango duen film labur bat sortuko dute, Euskadiko Filmategiak utzitako artxiboko materialetik abiatuta. Besteak beste Aitor Gametxo eta Tamara Lucarini Cortés izango dituzte tutore.