Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 35. Astea datorren urriaren 25etik eta azaroaren 1era bitartean ospatuko da. Abuztuaren 19ra  bitartean aurkez daitezke proiektuak.

Generoko film onenak, erakusketak, solasaldiak zein mota guztietako jarduerak eta, noski, publikorik fidelenak egiten dute bat urtero zinemazale donostiarren hitzordu kuttunetarikoa den Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean. Hala iritsi dira, hain zuzen, hogeita hamabosgarren ediziora.

“Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea ez da soilik filmen proiekzio ekitaldi hutsa, hiriko txoko ugari blaitu eta kutsatzen dituen ekimen kontsolidatua baizik”, jaialdiak 30 urte bete zituen hartan Jon Insausti Kultura eta Euskara zinegotzi ordezkariak egindako adierazpenak dituzue honakoak. Bada, Intsaustik argi utzi zuen finkatze horren erantzule zirela hein handi batean urtetik urtera jaialdira leial bertaratzen diren “benetako protagonistak”, bere publikoa, alegia. Haiei eskainitakoa izan zen edizio berezi hura.

Bada, efemeride borobila ospatuko dute aurtengoan eta, prestaketa lanak abiatu besterik ez badituzte ere, zabaldu dituzte lehen zertzeladak: Urriaren 25etik azaroaren 1era bitartean ospatuko dute 35. edizioa izango dena, eta joan den ekainaren 15etik zabaldik da filmak aurkezteko deialdia.

Datorren abuztuaren 19ra bitartean aurkeztu ahalko dira lanak, baldin eta ondorengo baldintzak betetzen dituzten:  2022ko urtarrilaren 1aren ondoren egindakoak izatea, eta fantasia edo beldurra izatea gai nagusitzat. Gainerakoan, lanaren iraupenak zehaztuko du inskribatzaileek  jarraitu beharreko deialdia.

Film luzeak Ikusleen Saria eskuratzeko lehiatuko dira, eta aukeraketa horretan parte hartzeko 30 minututik gorako iraupena izan behar dute. Aldiz, 20 minutuko gehieneko iraupena izan dezakete film laburrek. Kategoria bata zein bestearen oinarriak kontsulta ditzakezue HEMEN.