Isabel Herguera animaziogile donostiarraren opera primak Contrechamp ataleko Sari Nagusia irabazi du. Bangladeshko Herri Errepublikan jaiotako Begum Rockeya Hossainek 1905ean idatzitako ipuin bat du filmak oinarrian.

Annecy Sultanaren Amesta-zinea

Iazko ekitaldian Pablo Berger zinemagile bilbotarraren Robot Dreams lanak lortutako aitortzaren lekukoa hartu du Isabel Herguerak aurten. Nazioarteko animaziozko proiektuak lehian jartzen dituen Annecy Festivalean saritu dute donostiarraren opera prima: film original eta independenteez osatutako Contrechamp saileko Sari Nagusia irabazi du Sultanaren ametsa-k.

Ekainaren 9tik 15era bitartean ospatu dute zinema jaialdiaren 2024ko edizioa, eta Hergueraren filmak 10 lehiakide izan ditu. Bangladeshko Herri Errepublikan jaiotako Begum Rockeya Hossainek 1905ean idatzitako ipuin bat du oinarrian. Amets egiteko gai ez den Ines gazte donostiarra da protagonista, ezustean, Sultanaren ametsa liburua topatuko duena, non Emakumeen Lurraldea deskribatzen den. Bertan, emakume guztiak zientzialariak dira eta botere osoa dute, eta gizonak, beren ezjakintasuna dela-eta, etxean giltzapetuta daude. Literatura utopiko feministaren obra klasiko honek eta haren autore Begum Rokeya Hossain idazle eta aktibista musulmanak txundituta, Inesek Indian zeharreko bidaia iniziatiko bati ekingo dio autorearen urratsen atzetik, Emakumeen Lurraldearen bila.

KRITIKA | SULTANAREN AMETSA: Milaka isilune

Zinemagile eta artista bisual donostiarrak hainbat teknika erabiliz sortu zuen lana, akuarelazko 2D edota mehndi estiloak, besteak beste, eta bost hizkuntza (euskara, espainiera, italiera eta Indiako hainbat hizkera) entzuten dira filmak uztartzen dituen hiru istorioetan zehar. Era berean, nabarmentzekoa da lan-taldeko kide gehienak emakumezkoak direla: Miren Arrieta eta Mireia Gabilondo aktoreak eta Mary Beard historialaria, besteak beste. Haiekin batera, Paul B. Preciado filosofoa edota Maurizio Faraoni, Tajdar Junaid soinu bandaren egilea, edota Moushumi Bhowmick poeta bengaliarra.

Donostia Zinemaldiko sail ofizialean aurkeztu ostean nazioarteko bide bete-betean da Sultanaren ametsa. Besteak beste, berriki, Animafest Zagreb (Kroazia) jaialdi ospetsuaren Grand Prix saria nagusia eskuratu du.