Aurtengo edizioko Ohorezko Saria jasoko duen Clarisa Navas zuzendari argentinarraren Las mil y una (2020) emango dute ekainaren 25ean. Hurrengo egunean, Euskal Herrian bizi diren zazpi artistari egindako elkarrizketak biltzen dituen Queer (Un) Belongings (Eszter Katalin) dokumentala proposatuko dute.

Las-mil-y-una-zinegoak-bilobaoarte-zinea

Ekainaren 24tik uztailaren 1era ospatuko da ZINEGOAK – Bilboko LGTBIQ+ Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia, eta urtero legez, kultura, zinema eta sexu aniztasunaren ikur bilakatuko da hiria. Jakinarazi dutenez, 50 proiekzio eta jarduera hartuko ditu aurtengo egitarauak, eta hainbat egoitza izango ditu. Sail foziaialetako emanaldiak Golem Alhondiga aretoan egingo dira, emanaldi bereziak, aldiz, BilbaoArte Fundazioko Art House Zineman.

Bi saio egingo dituzte bertan, biak ere, 18:30ean hasita, eta sarrera librea izango da. Batetik, ekainaren 25ean, 2024ko Ohorezko Saria jasoko duen Clarisa Navas zuzendari argentinarrari eskainiko diote tartea, 2020an zuzendutako Las mil y una pelikula proiektatuz. Emakumeei, giza harremanei, aniztasunari eta ezarritako eredu eta konbentzioetatik at geratzen diren bizipenak garatzeko borrokari idatzitako kantua da, 17 urteko Iris protagonsita duena. Eskolatik kanporatu dute, eta egunak lagunekin zein lehengusiñekin igarotzen ditu. Renata agertzen denean txundituta geldituko da, baina honen iraganari buruzko zurumurruak hasiko dira ignruuan entzuten.

Sorkuntza kolektiboko prozesuak bultzatzen dituelako, “eraldaketarako motor eta palanka gisa”, goratu du Zinegoak jaialdiak Navasen jarduna. Bere lan artistikoa eskertu eta honen bidez islatzen duen konpromiso politiko eta soziala aitortu nahi dizkio Ohorezko Sariaren bidez. Sortzaile polifazetikoa, Ikus-entzunezko Arteetan lizentziaduna da Arteen Unibertsitate Nazionalean (UNA, Buenos Aires, Argentina). Esperimentazio eta Errealizazio Zinematografikoko Eskola Nazionalean (ENERC) irakaslea, proiektuak garatzeko ABC BAFICI saila zuzentzen du, eta 2010az geroztik Argentinako Ipar-ekialdean eta Paraguain zinema egiteko beste modu batzuk asmatzen dituen Yaguá Pirú Cine kolektiboko kidea da.

Sortzaile argentinarrari eskanitako atzera begirako osoa FILMIN plataforman jarriko dute denon eskura, ekainaren 24tik uztailaren 3ra bitartean.

Emanaldi berezia: ‘Queer (Un)Belongings’

Ekainaren 26an, Euskal Herrian bizi diren zazpi artistari egindako elkarrizketak biltzen dituen Queer (Un) Belongings (Eszter Katalin) dokumentala egongo da ikusgai, bi zatitan banatutakoa. Zapiek beren burua LGTBQ+ artista gisa identifikatzen dute, eta migrazio-istorioren bat dute denek ere atzean. Lehenengo zatian, ondoko artistek parte hartzen dute: Gerri Cruz, Atic H. Deba, Camila Téllez eta Anaís Córdova-Páez. Bigarrenean, beste hiru hauek: Komba Mingomba, Styles Osunde eta Leo Bueriberi.

Proiektuaren ardatza queertasunaren, praktika artistikoen eta migrazioen gurutzaketa da, eta gai horiei buruzko diskurtso bat sortu nahi du Euskal Herriko testuinguruan, pertenentziei buruzko planteamendu lineal eta sinplifikatzaileak baztertuz, hau da, generoei, sexualitateari eta lurralde geopolitikoei buruzkoak.