Ekainaren 24tik uztailaren 1era ospatuko da ZINEGOAK – Bilboko LGTBIQ+ Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia, kultura, zinema eta sexu aniztasunaren ikur. 50 proiekzio eta jarduera hartuko ditu egitarauak.
Orain hilabete inguru, irudi nagusia izango dena aurkeztearekin batera, aurreratu zituen Alaitz Arenazana zuzendari artistikoak diseinuak 21. Edizioa izango denaren lehen ildo eta zertzeladak: “Norberak bere burua eraikitzeko eta adierazteko askatasunaren ideian sakontzen jarraitu nahi dugu, eta berezitasun hori oinarria izan dadila askotariko pertsonez betetako gizarte berri bat eraikitzeko, munduan egoteko modu berriak asmatzeko ezinbestekoa baita antolatzea, biltza eta sareak ehuntzea”.
Bada, ildo horretan sakondu du Arenzanak jaialdiaren aurkezpenean: “Aurten beren-beregi indarra egin nahi dugu gure orainak eta etorkizunak irudikatu eta eraikitzeko aukeran, maila kolektiboan ere, ez bakarrik indibidualki. Horiek dira zabaldu, eraiki eta bizi nahi ditugun espazioak, eta horiei guztiei Queertopiak deitzea erabaki dugu”.
Eta nola aldarrikatuko queertopiak?
Film luzeen sail ofizialean, 15 lan izango dira lehian, ohiko hiru sailetan: FIK, DOK eta KRAK (narratiba berriak). Jatorriari dagokionez, ohiko aniztasuna bermatua izango dute ikus-entzuleek: Nigeria, Mexiko, Txina, AEB, Grezia edota Alemania, besteak beste. Gainera, urtero bezala zinegile eta protagonistetako batzuk izango dira Bilbon, proiekzioaren ostean solasaldietan parte hartzeko, tartean, Vuslat Karan, Mavi Kimlik pelikulako zuzendarietako bat; edota Adrián Silvestre, Hágase tu voluntad dokumentalaren zuzendaria.
Aldiz, film laburrei dagokionez, 30 lan lehiatuko dira sail ofizialean eta bost ziklo izango dira: ohikoak diren Haurtzaroa eta Nerabezaroa eta Emakume Zuzendariak, iaz abiaturiko TBIQ+, eta aurten martxan jarriko diren Queertopiak eta Sexilioak. Horiez gain, eta Sail Ofizialetik kanpo, klasikoa bilakatu den Erroak saila izango da ere, Euskal Herrian sortu diren hainbat ekoizpen lanekin. Film laburren kasuan ere, asko dira Bilbora gerturatuko diren egileak.
Ekainaren 24an abiatuko dute jaialdia modu ofizialean, Arriaga Antzokiak hartuko duen irekiera ekitaldiarekin. Ospakizunak Nerea Arriola eta Divina Comedia izango ditu gidari, eta Eddi Circa kantautorearen eta Clarisa Navas zuzendari argentinarraren parte-hartzeak ere tartekatuko ditu. Azken honek, gainera, Ohorezko Saria jasoko du ekitaldian.
Jaialdiaren itxiera ekitaldia uztailaren 1ean izango da Bilborocken, eta bertan jakinaraziko da 21. edizioko irabazleak nortzuk diren, tartean, Zinegoak Sari Nagusia, EITBren babesarekin. Behin jaialdia amaituta, Zinegoakek bere leiho digitala irekiko du Filmin plataforman, eta bertan sail ofizialeko hainbat lan gozatzeko aukera egongo da.
Era berean, lehenengo aldiz, Zinegoakek eta EITBko Primeran plataformak kanala sortuko dute lankidetzat, jaialdian parte hartu duten hainbat film eta sexu-aniztasuna lantzen duten bestelako ikus-entzunezkoak bilduko dituena.
3, 2, 1… Zinegoak!
Aldez aurretik, ekainaren 21etik 23rako asteburuan, 3, 2, 1… Zinegoak! aurre-jaialdiaz gozatzeko aukera izango da. Ostiralean, Guggenheim Museoan Laura Poitrasen All the Beauty and the Bloodshed (2022) dokumentala proiektatuko dute, Nan Goldin artista eta aktibistaren ingurukoa.
Hurrengo egunean, ekainaren 22an, goizean Danele Sarriugarte eta Miren Narbaizaren Popperra, Afterra, Utopia ikuskizun musikatua, Sarean kulturgunean; eta arratsaldean, saio bikoitza izango da: Bilborocken Dantzertiren azken lan eszenikoaz –Lopek zioenez, Sin mí, sin vos y sin Dios– gozatzeko aukera egongo da, eta Bira Kulturgunean, Bizi. Bisexualitatea eta euskal komunitatea proiektuaren aurkezpena. Horren ostean, gainera, bertso-saio bat, Albina Stardusten showa eta DJ Eromenaren emanaldia egongo da.
Azkenik, igandean Zinegoakek solasaldia antolatuko du Irantzu Varela eta aurtengo ohorezko saridun Clarisa Navasen parte hartzearekin, eta bere hiru lan proiektatuko dira.