Euskal Herriko film laburrak izango dira protagonista Hernani Zineklubak hilaren 13an egingo duen ekaineko saioan. KIMUAK sorta desberdinetako ale izandako Quebrantos (2020), For The Good Times (2017), Irrits (2022) eta Ximinoa (2023) emango dituzte, Esther Cabero programaren arduradunaren aurkezpenarekin.
- QUEBRANTOS (Maria Elorza eta Koldo Almandoz, 2020)
Interferentziak, isiluneak eta arrakalak tartekatzen dira, bi emakumek tratu txarrei buruz hitz egiten duten bitartean. 2017ko azaroa da, Euskadi Irratiko zuzenekoan ari da Maite Artola kazetaria eta Ziortza Linares elkarrizketatzen.
Hogei urtez senar izan zuenak emandako tratu txarrez ari da Linares. Jazarpena horrek eragindako beldurrez, hartu beharreko neurriez, eta kontrol horrek bere egunerokoan zituen ondorioez. Interferentziak, isiluneak eta arrakalak tartekatzen dira, bi emakumek biolentzia horri buruz hitz egiten duten bitartean.
Elkarrizketa hori oinarri hartu, eta film labur bilakatu zuten Maria Elorza eta Koldo Almandoz egileek, elkarrekin egindako gogoetaren emaitza izan zena. Zorrotza, gordina eta mingarria. Finean, errealitate zaplasteko bat.
- FOR THE GOOD TIMES (Andres Daniel Sainz, 2017)
Andrés Daniel Sainz donostiarrak Ramon Agirre, Klara Badiola, Iñaki Rikarte, Itziar Ituño eta beste hainbat euskal aktore ezagun bildu zituen bere bigarren film laburrean. Familiako buruaren urtebetetzea ospatzeko, kide guztiak bazkaltzera gonbidatuko dituzte. Otordua sorpresaz beterik egongo da, ordea.
Famila buru anitz baina aburu murritz dituen animalia. Afari bat, ospakizuna, eta zein geldoa den denbora, ezerosoa. Denak zain, zeharkako begiradak, ezinegona. Denok dugu famila bat, dena delakoa, eta familia guztiek dituzte gorabeherak. Gorakadetan, ongietorriak denak; beherakadetan, berriz, ez dezagun ezer esan, badaezpada. Baina familiak familia izaten jarraituko du beti, bakarra dugu eta, geurea.
- IRRITS (Maider Oleaga, 2022)
Malagako zinema jaialdian estreinatu zuen bilbotarrak bere lan berriena, eta udalekuetako begirale diren nerabeak ditu bidaide_ Egun kartsu batean, Clarak irrikaz musukatuko du laguna. Izaro, grinak itsututa, noraezean dabil gertatu zaiona kudeatu nahian, baina prest dago Clarari jarraitzeko, hark nahi duen eremura..
Galapan eta Sumendi produkzio-etxeak daude atzean, eta martxan jarritako aurreko proiektuekin gertatu bezala, sentimendu, maitasun eta kolore festa nagusi da. Hala ere, oso fisikoa da Oleagak erakutsiko diguna. Uda bete-betean, beroa ukitu egin daiteke, gorputzek freskotasuna behar dute eta urarekin batera irrist egin. Gainera, interpreteen begiradek harrapatu egingo gaituzte.
- XIMINOA (Itziar Leemans, 2023)
Itziar Leemans (Donibane Lohizune, 1983) zinegilearen lan berriena da. Bere obrak duen erritmo patxadatsu eta udatiarrak itsasondoan lasai asko deskantsatzeko gogoa piztuko digu, nahiz eta ezkutuan auzi oso serioez ari zaigun. Arbaso euskaldunak dituen familia paristar baten alabatxoa zaintzeko ardura hartuko du Junek, bere aurreneko lana izango dena.
Jardunean ari dela, baina, prekarietatea, klase-mailaketa eta axolagabetasuna ezagutuko ditu. Frantziako lurraldeko opor-toki nagusi izanik, familia burges eta aberatsen handinahia asetzeko neskame/tximino dira Iparraldeko euskaldunak; beren identitatea ukatuz, guztiz alienatuta, bertako bizilagunak harrapatuta eta gutxiagotuta daudela salatuko du Leemansek.
Ostegunean, Biteri Kultur Etxean
Ekainaren 13an egingo dute saioa, 19:00etatik aurrera, Biteri Kultur Etxean. Jatorrizko hizkuntzan emango dituzte filmak, euskaraz azpidatzita beharrezko kasuetan, eta Esther Cabero KIMUAK programaren kudeatzailea bertaratuko da saiora, filmak aurkeztu eta emanaldi ondorengo solasaldian parte-hartzera.
Eskuratu sarrera, HEMEN.