Tekno Fantasy lantalde irekia egiten ari den argi eta proiekzio ikuskizunetarako tramankuluak sortzeko prozesuaren barruan, kamera gabeko animazioarekin esperimentatzea helburu duen lantegia egingo dute gaur, ekainak 11, Donostiako Tabakaleran. 17:00tan finkatu dute hitzordua, Medialab laborategian.

Donostiako Kultur Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren eskaintza kulturalean txertaturiko Zinema eta Teknologia programaren baitako egitasmoa da honakoa. Laborategi esperimentala da honakoa, mugimenduzko irudiak eta soinuari aplikatutako teknologia analogiko zein digitalak oinarri, horien inguruan hausnartzeko eta sormenezko erabilerak proposatzeko espazioa.

Izan ere, sustatzaileen aburuz, “trantsizio teknologiko betean” gaude gaur egun: oraindik ere metodo analogikoak erabiltzen dira, hala edukien erregistroan nola difusioan, arlo digitala ezarri duen 3.0 iraultza gertatzen ari den bitartean. “Ez dugu teknologia berri –eta zahar‑ horien erabiltzaile pasibo izan behar”, azaldu dute, “baizik eta hausnartu behar dugu nola grabatzen dugun, zerekin, zergatik, zertarako eta norentzat”.  Hala, auzi horiek guztiak mahaigaineratu, eta gaur egungo garai teknologikoari aurre egiteko sormenezko moduak aktibatzea dute helburu.

Kamerarik gabeko animazioa

Bada, kamerarik gabeko animazio-teknika esperimentaletan jarriko dute fokua gaur, 17:00etatik aurrera, Tabakalerako Medialab Laborategian finkatu duten hitzorduan. Bi zatitan banatuko da saioa: alde batetik, filma manipulatu, urratu, zulatu eta margotu egingo dute; eta, bestetik, irudiak desitxurazten jardungo dute, lenteak eta bestelako trasteak baliatuta.

Laura Ibañez Lopez artista eta zinemagileak gidaturiko saioa izango da honakoa. Doako sarbidea izango du, baina esteka honen bidez eman daiteke izena.