Zineuskadik argitu duenez, zortzi ekoizpen euskal herritar lehiatuko dira uztailean eta abuztuan ospatu ohi den aire libreko zinema jaialdian. Tartean da Eneko Sagardoyk zuzendutako euskarazko lana.

Islantillako Bajo La Luna Nazioarteko Zinemaldia

Islantillako Bajo La Luna  Nazioarteko Zinemaldiak 17. edizioa beteko du aurtengo udan. Ohi bezala, uztaila eta abuztuan zehar gauzatuko da Andaluziako izen bereko mankomunitateko kultura eta kirol espazioko kanpoaldean, eta hainbat ekoizpen euskal herritar pantailaratuko dituzte. Guztira, 12 film luzek eta 100 film laburrek osatuko dute sail ofiziala, mundu osotik aukeratutakoak, eta denak ere, sariak jasotzeko hautagaiak izango dira.

Ekoizpen euskal herritarrik ez da lehiatuko film luzeen kategorian, aldiz, Zineuskadik zehaztu duenez, zortzi izango dira iraupen laburreko proiektuak, fikziozkoak, dokumentalak zein animaziozkoak. Euskara hutseko bakarra dago, Eneko Sagardoyk zuzendu eta Sumendi Film, Galapan eta Ikusgarri Films ekoiztetxeen babesa duen Betiko gaua.

Nerea Ibarzabalen gidoia dauka proiektuak, eta  punta-puntako aktore-taldea dauka: Elena Irureta eta Miren Gaztañaga. Ama-alabaren roletan, batak bestea jarraituko du errepidean zehar, eta autoak gasolindegi batean geldituko direnean iradokiko zaigu ihesaren zergatia. Estetikari erreparatuz thriller eta noir itxura badu ere, guztiz bestelako proposamena da Sagardoyrena, bihotzetara zuzendutakoa. Agurrari buruz ari zaigu hizketan, elkarrekin pasatako urteen nostalgiaz, eta maite ditugunak betiko aldentzen zaizkigunean sentitzen dugun bakardade eta hustasun sentipenaz.

Jarraian duzue zerrenda:

  • Betiko gaua (Eneko Sagardoy, 2023)
  • El rey de la semana (David Perez Sañudo, 2023)
  • Europa (Ekain Irigoien, 2023)
  • La mujer ilustrada (Isabel Herguera, 2023)
  • Lucia (Marta Etura, 2023)
  • To bird or not to bird (Martin Romero, 2023)
  • Malegro verte (Nüll Garcia, 2023)
  • Nada de nada (Gaston Haag, 2023)

1.465 pelikula ikuskatu dituzte Islantillako Bajo La Luna  Nazioarteko Zinemaldiko hautaketa-batzordeko kideek, nazioartetik jasotakoak. Horien artean, 12 film luze eta 100 labur aukeratu dituzte, eta ikusgai izango dira uztailean eta abuztuan zehar. Saio guztiak doan izango dira.