2020ko Durangoko Azokaren Sormen Beka eskuratu zuen Paxkal Irigoyen eta Maia Iribarneren ikus-entzunezkoak, eta umorea, absurdoa eta poesia erabiliz, identitateari buruzko gogoeta egitea du xede. 22:00etatik aurrera emango dute Hamaika Telebistan.

Xofaldia Produkzioak eta Kanaldudek ekoiztutako euskarazko proiektu parte hartzailea da Bañolet filma. Garazi eskualdeko biztanleekin aurrera eramandakoa, bertako bizilagunak ditu aktore_ Eiheralarreko herrian errodatu zuten 2021eko udan, eta 52 minutuko iraupena du. Paxkal Irigoyen Etxeberrik eta Maia Iribarne Olhagaraiek idatzi eta zuzenduriko proiektua da, 2020ko Durangoko Azokaren baitan eskuratutako Sormen Bekari esker.

Bañoleten haziko diren Luixa eta bere lagunak ditu filmak protagonista. 11 urte bete berritan, zeremonia garrantzitsu bat prestatuko dute, haurtzarotik heldutasunera pasatzeko egun handia ospatzeko. Umorea, egoera absurdoak eta poesia nahastuko dira kontaketan, haurren abenturen bidez, herria deskubritu bitartean. Proiektuaren arduradunek argitu dutenez, “fikzioak ematen dituen aukera zabalak baliatuz, errealitatearekin jostatu nahi izan dugu, gure herriko ohiko ingurumena galdekatzeko”.

Haurtzarotik helduarora

Identitateaz eta botere harremanez hitz egingo du Bañolet obrak, gizarte antolaketa berriak, erritualak, elkarrekiko kolonizazio harremanak edota haurtzarotik helduarorako pausua bezalako gaiak landuz, eta horien inguruko gogoetak proposatuz. Horretarako, “testuinguru geopolitiko berezi batean eraiki den herri bat” asmatu zuten sortzaileek, “populu berriki birkonkistatu duten lurralde batean kokatuz”.

Zera gaineratu zuten: “Ideia honek, koadro bat pausatzen lagundu gaitu, herri baten legeak, egunerokotasuna edota bertako biztanleen arteko harremanak birpentsatu eta iraultzeko […] Haurren gogoetak eta jokoak erreferentetzat hartuz, herriko bizia zeharkatzen dugu: lana, heriotza, beldurrak, familia, laguntasuna…”.

Musikak ere berebiziko garrantzia dauka proiektuan. Izan ere, sortzaileek eraiki duten unibertsoa “urrunago eramateko” aukera eman die. Ekintza eta gertakariak, erritmo berezien bidez lotzen dira, Bañoleteko eguneroko giro eroa koregrafiatuz.