Arroxelako Sunny Side Of The Dock 2024 azokan parte hartu nahi duten proiektuek Basque. Audiovisual. Markaren hegalpean egin dezakete. Katalogo espezifiko batean jasoko dituzte nazioartekotzeko xedea duten proiektuak, horien ikusgarritasuna bermatzeko.
Gainean da Sunny Side of the Doc merkatua eta, aurten ere, parte-hartze aktiboa izango du euskal proiektuak ordezkatzen dituen Basque.Audiovisual. markak. Berritasun gisa, gainera, Euroeskualdearekin, Akitania Berriarekin (ALCA) eta Nafarroarekin partekaturiko stand-a izango da, indarrak batu eta eraginkortasuna biderkatzeko.
Hala, katalogo espezifiko bat prestatu nahi dute hitzordurako, eta proiektu biziak dituzten ekoiztetxeei horien berri emateko deia luzatu diete, katalogora gehitu eta horien nazioartekotzea lantze aldera. Beren proiektuak helarazi nahi dituzten ekoizleek galdera-sorta labur hau bete besterik ez dute, lantzen ari diren proiektuarekin helburu eta interesak zein diren adieraztearekin batera.
Ekainaren 14ra bitarteko epea ezarri dute inprimakia betetzeko. Halaber, azaldu dute ekoizleek ekainaren 19ra arteko epea dutela beren proiektuen informazioa eguneratzeko.
Basque. Audiovisual. marka
Zineuskadi – Euskal Ikus Entzunezkoen Bulegoaren, EAEko ikus-entzunezko sektorearen nazioartekotzea indartzeko xedez sorturiko marka da BASQUE. AUDIOVISUAL, lurraldeko produkzioak eta enpresak nazioarteko merkatuetan eta jaialdietan sustatzeko diseinatua. Hala, haren aterkipean, ikus-entzunezko industriako profesionalek nazioarteko merkatuetan egoteko aukera dute, horien ikusgarritasuna bermatuz eta, hala, koprodukzio zein banaketarako dituzten aukerak zabalduaz.
Era berean, Etxepare Euskal Institutuaren eta EIKEN klusterraren laguntza du eta BASQUE markaren parte da. Proiektu horren helburua da Euskadiko sormena, kultura eta arte eszenikoak, eta kultura eta sormen arloko industriak nazioarteko merkatuetan ezagutarazi eta ikusaraztea.