Spooky Loops (Stas Santimoc) ekoizpen ukrainiarra izan da nagusi animazioko lanen artean; A Summer’s End Poem (Lam Can-Zhao) lan txinatarra gailendu da Videozinema atalean; España kantuaren bideklipa izendatu dute kategoriako onena. Bestalde, Euskal autore emakumeentzako film laburren I. gidoi lehiaketako proiektu irabazlea Aroa Fernandezen Helduak gara izan da.

caostica 22-zinea

Caostica – Nazioarteko Film Labur eta Bideoklip jaialdiak bukatutzat eman du ekainaren 3tik 9ra bitartean gauzatu duten ekitaldia. 22. festibala izan da aurtengoa, eta guztira, 70 sorkuntza izan dira lehian, hiru ataletan banatuta: 21 animaziozko lan, 20 bideoklip, eta Videozinema atalean izango diren 20 film labur. Horien artean, zortzi ekoizpen euskal herritar erakutsi dituzte. Bada, horiek ikusi eta baloratu ostean, Amaia Nerekan, Juan Zapater eta Laura Lazcano kide izan dituen epaimahaiak irabazleak ebatzi ditu.

Spooky Loops (Stas Santimoc) ekoizpen ukrainarra gailendu da animaziozko sailean, ametsei, beldurrei, bakardadeari, bidegabekeriari, indarkeriari, ankerkeriari eta gizatasunik ezari buruzko 13 istorio bizidun ultralabur biltzen dituen proiektua. Aipamen bereziarekin aitortu dute, aldiz, Final Show (Freddy Wallin) suediarra.

Bestalde, Videozinema ataleko sari gorena irabazi du A Summer’s End Poem (Lam Can-Zhao) lan txinatarrak, haurtzaroari agurra eta udako amaiera poetikoari buruzko istorioak; aipamena jaso du Co-Haunting (Adrián Carande, Pepe Rico eta Paula Sánchez) espainiarrak.

Azkenik, bideoklip onena izendatu dute Beatriz Sánchezek Laura Sam y Juan Escribano taldearentzako zuzendutako España kantuarena. Aipamena Antoha MC taldearen Heart Rhythm abestiari buruz Mariia Zhemchuzhinak zuzendutakoa izan da.

Irabazle bakoitzak 1.000€ jaso ditu opari. Gainera, Caostica Kultura Elkarteak Bizarro Saria (1.000 euro) eman dio jaialdiaren baloreekin bat datorren lanik “lotsagabe, berritzaile, bitxi, adeigabeko, martetar, baldar, arraro, arriskutsu, ausart eta adoretsuenari”. Aurten, Nivel Dios (César Tormo) izan da onuraduna, 16 urteko nerabe fantasiatsua den Laurari buruzkoa. Bere erlijio-irakasle gazte eta erakargarriarekin maiteminduta, esnatze espiritual neurrigabea izango du, eta horrek zoratuko du. Aipamena egin diote El padrastro (José Casa) lanari ere.

Halaber, euskaraz sortutako Lan Onenaren J Martinaren Saria Eskuburdin abestiarentzako Ximon Agirrek sortutako bideoklipak jaso du.

Gidoi lehiaketa

Gidoi – Euskadiko Gidoigileen Elkarteak Euskal autore emakumeentzako film laburren I. gidoi lehiaketa iragarri zuen maiatza hasieran, eta dagoeneko ezagun da proiektu irabazlea. Caostica Nazioarteko Film Labur eta Bideoklipen Jaialdiarekin lankidetzan eta (H)emen elkartearen laguntzarekin antolatu dute ekimena, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jaio edo gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin erroldatutako emakumeek izan dute parte hartzeko aukera.

Hiru izan dira finalistak, eta Maider Oleagak, Olatz Beobidek eta Tamara Garcia Iglesiasek osatutako epaimahaiak Aroa Fernandezen Helduak gara nabarmendu du. Ekainaren 8an, Bilboko Bilborock aretoan egin den Euskal Film Laburren I. Merkatuaren baitan ezagutarazi dute proiektu irabazlea, eta sortzaileak 600 euro eta garaikur bat jaso ditu. Lehiaketaren antolatzaileek adierazi dutenez, sari hau emakumeen artean gidoiaren idazketa sustatzeko eta gidoiaren idazketaren esparruan emakumeak profesionalizatzen laguntzeko bultzada bat da.