Urtarrilaren 24tik otsailaren 1era bitartean egingo dute 2025eko edizioa, eta dagoeneko, iraupen eta formatu askotako dokumentalak aurkezteko aukera dago.
Zinema dokumentalaren bilgune bilakatuko da zazpigarrenez, Miarritze. FIPADOC – Festival International Documentaire zinemaldiaren edizio berrirako prestaketa-lanak abiatu dituzte antolatzaileek, izan ere, lanak -dokumental luzeak zein laburrak, telesailak zein bestelako esperientziak- aurkezteko epea zabalik da, ekainaren 5az geroztik.
Bi deialdi ireki dituzte. Batetik, sail ez-lehiakorretarako edota Panorama de la création francophone aukeraketarako atalean erakutsiko dituzten lanak irailaren 27a baino lehen bidali beharko dira. Bestetik, nazioarteko lehiaketarako ekoizpenek urriaren 11ra arte izango dute aukera.
Film luzeek 50 minutuko iraupena izan beharko dute gutxienez, baina zehaztu dute New Talent ataleko ikasleen proiektuek ezingo dutela 60 minutuko langa gaindituz. Bestetik, film laburren gehienezko iraupena 20 minutukoa da.
Balkanak ikusmiran
Balkanetako herrialdeei eskainitako foku berezia hartuko du 7. FIPADOC jaialdiak. 2021 eta 2024 urte artean ekoiztutako lanak erakutsiko dituzte, Albania, Bosnia-Herzegovina, Kroazia, Grezia, Kosovo, Ipar Mazedonia, Montenegro, Serbia eta Esloveniakoak.
Deialdiaren oinarriak eta baldintzak ezagutu, hemen.