Zinemagile nafarrak Zinzindurrunkarratz (2023) bere hirugarren film luzearen sortze prozesuaz hitz egingo du Tabakaeran, bihar. Hitzaldia euskaraz izango da.

kontatutak zinea_oskar_alegria-zinea

Tabakalera zinema ikasgela bat ere bada. Maiz aldarrikatu dute espazioaren kudeatzaile eta arduradunek: Zinema-eskola bat bada (Elias Querejeta Zine Eskola), eta haren klase askok pantaila partekatua dute oinarri. Aurkezpenenak, gonbidatuak, proiekzioak testuinguruan kokatzeko hitzaldiak edota publikoarekiko topaketak izaten dira eguneroko eskola. Gainerako bazkideek ere, aurkezpenak, mahai-inguruak eta eztabaidak eskaintzen dituzte bertan, eta horietako gehienak publikoari zabaltzen zaizkio.

Bada, eragileen arteko sinergia horretatik jaio zen 2020ko urtarrilean KONTATUTAKO ZINEA fokua. Zuzendariei beren lan prozesuak aretoan azaltzeko gonbitea du oinarri egitasmoak eta, hain zuzen, haien erabaki izandakoak publikoarekin partekatzean datza. Bestela esanda, sortzaile gonbidatuek euren obretako bat izango dute hizpide, disko gogorren karpetak eta ia inoiz modu kolektiboan ikusten ez diren baina beraien lanaren B aldea osatzen duten materialak erakustean: casting-probak, kamera-probak, gidoi-bertsioak, muntaketa-bertsioak, eszena ezabatuak, prozesuaren zalantzak, eraginak, casting-erabakiak, idazketa-tratamenduak, eta abar.

Zinzindurrunkarratz, Oskar Alegria

Ekainaren 8an, larunbata, Oskar Alegria zinemagile iruindarraren Zinzindurrunkarratz (2023) filma ikusteko aukera egongo da, 17:00etan. Ostean, 19:00etan, Alegriak bere hirugarren film luzearen sorkuntza prozesuaz hitz egingo du. Hitzaldia euskaraz izango da.

Ikus-entzunezko ibilbide poetikoa da Zinzindurrunkarratz, beste garai bateko oroimenez egina: Super-8 formatuan filmatua, “oinez eginiko film bat” da. Zuzendariak, Artazu bere herritik, Paolo astoarekin Andimendira egindako bide poetikoa kontatuko du, ahaztutako edota galdutako memoriaren erakusgarri.

KRITIKA | ZINZINDURRUNKARRATZ: Kamera isil baten memoria bisuala

Jada existitzen ez den mundu baten oihartzunak erregistratu ditu Alegriak filmean, soinurik gabeko irudiekin. Eguneroko bat balitz bezala egituratua dago, eta formatu zatikatuak badu zerikusirik filmaren izenburuarekin berarekin ere: haize arin bat (zinzin), leize bertikal bat (durrun-durrun) eta tximistek kolpatutako gailur bat (kurrutz-karratz). Bada, horietatik igaroko da zuzendari iruindarra Paolo astoarekin, eta horietan hautemandakoaren emaitza da Zinzindurrunkarratz.