Teknologia berriek eta mugikorrek adin txikikoei eskaintzen dizkieten aukera eta mehatxuak aintzat hartuko dituzten iragarkiak izan dira EUSPOT – Euskarazko Spot Lehiaketako 13. edizioaren ardatza. Guztira jaso dituzten 87 lanen artean, Izan burua, altxa burua  (Oihan Loiti) eta Heldua zu zara, heldutasunez jokatu (Peru Arrese eta Izadi Zumalde) nabarmendu dira kategoria bakoitzean.

Ekainak 6 betetzearekin batera, Aretxabaletako (Gipuzkoa) Arkupe Kultur Etxean ospatu zuten atzo sari banaketa ekitaldia. Horrekin batera, gainera, epaimahaiak aukeratutako hogei lan finalistak pantaila handi batean proiektatu zituzten. Izan ere, errotutako lehiaketa dela erakutsi du EUSPOTek beste urte batez: parte-hartzaileek 30 segundoko iragarki batean azaldu behar zuten sakelako telefonoek adin txikikoei eskaintzen dizkieten aukerak eta mehatxuak eta, guztira, 87 lan aurkeztu dituzte deialdira; horien artean, 18 urtetik beherakoek eginiko 60 pieza jaso dira, eta 18 urtetik gorakoek eginiko 27.

Bada, Oihan Loiti Iraola arrasatearraren Izan burua, altxa burua iragarkiak eskuratu du Spotik Onenaren saria (1.000€), adinekoen kategorian, epaimahaiak lanaren “kalitate teknikoa eta mezuaren egokitasuna” dela eta hala erabakita. Aldiz, zortziehun bototik gora jaso dituen Gora begira mundu berria (Julen Calderon, Garazi Prieto eta Zaloa Garcia) spotak eskuratu du Publikoaren saria (500€); eta Distrakzioaren adikzioa lanarentzat izan da Mondragon Unibertsitateko Ikasleen Iragarkirik Onenaren saria (500€). Unai Cantabrana, Aner Olaizola eta Danel Ezpeleta dira azken honen egileak, eta Musika Sinkronizazioaren saria ere eskuratu dute.

Bestalde, 18 urte baino gutxiago dituzten ikasleen lanak saritzen dituen kategorian nagusitu da Heldua zu zara, heldutasunez jokatu (Peru Arrese eta Izadi Zumalde) spota. Era berean Eider Sanchezek, Maddi Lasak eta Itxaso Lopezek eskuratu dute Arrasateko Arizmendi Ikastolako Ikasleen Iragarkirik Onenaren saria, Zuk zeuk erabaki lanari esker.