CORTEN egitasmoaren bigarren edizioaren baitan egongo dira ikusgai Raúl Campos Martinen (KIMUAK) eta Lucía Aparivi Azanzaren (Nafarroa Shortzinema) lanak. Asturiasko eta Kantabriako katalogoetako filmekin batera erakutsiko dituzte gaur.

CORTEN 2024-zinea

Hego Euskal Herriko, Galiziako, Asturiaseko eta Kantabriako film laburren katalogoetan hautatu ohi dituzten film laburretarako publiko berriak sustatu, zabaldu eta aurkitu nahi dituen CORTEN film laburren zirkuituak Kantabriako Mario Camus Filmotekan du asteburu honetan hitzordua. Bi eguneko egitaraua antolatu dute.

Gaur, 18:00etan, ekingo diote egitasmoaren bigarren edizioari, lurralde bakoizteko bildumetan aukeratua izan den lan bana proiektatuz. Raúl Campos Martin santurtziarraren El aprendiz izango da KIMUAKeko ordezkaria: Europara iritsi berri den gazte batek mugikorren konpontzaile gisa hasiko du bere karrera, eta gogor lan egingo du etorkizunak ekarriko diona amesten duen bitartean. Hala ere, bezero baten telefonoan aurkituko duen zerbait errealitate-kolpe bat izango da, munduari buruz duen ikuspegia birplanteatuko duena.

Nafarroa Shortzinemaren baitako film laburra, bestalde, Lucía Aparivi Azanzaren (R)ojo por (R)ojo komedia kostunbrista izango da: Caridadek garbigailu bat irabazi du ile-apaindegiko zozketa batean. Bere alabak, Helenak, uste du “tramankulu” horrek gastua besterik ez duela ekarriko. Hala ere, denen artean errentagarri izateko modua bilatuko dute. Bekaizkeriak azaleratuko dira, eta Palomak ahalegin guztiak eginen ditu haien negozioa hondoratzeko.

Horiekin batera, Laboral Cinemateca Cortos bilduma asturiarreko Conexiones (Gloria Gutiérrez Asla) eta Cantabria en corto-ko Fairgame: 90 minutos con El Rifle (Juan eta Caque Trueba) egongo dira ikusgai.

Zinema emanaldiez gain, profesionalen arteko topaketak ere gauzatuko dira hitzordu horietan. Larunbat goizean, lurralde parte hartzaileetako ikus-entzunezko politika publikoak aurkeztuko dituzte, eta ostean, koprodukzioari buruzko mahai-ingurua egingo da. Kafea hartzeko atsedena eta gero etorriko dira one-to one bilerak; networking bazkariarekin agurtuko dute jardunaldia.

Egitarauaren xehetasunak, jarraian.