José Ángel Herrero-Velarde beken bigarren edizioaren baitan, animaziozko zinemak jaialdi donostiarrean izan duen bilakaera eta presentzia aztertuko du kazetari gipuzkoarrak. Sonia García Lópezen eta Carlos F. Herederoren proposamenak ere onartu dituzte deialdian.

Jose Angel Herrero-Velarde beka II-aukeratuak-zinea

Donostia Zinemaldiak eta Elías Querejeta Zine Eskolak elkarlanean antolatutako José Ángel Herrero-Velarde beken bigarren edizioak Harri X. Fernández, Sonia García López eta Carlos F. Heredero ikertzaileen lanak hartuko ditu.  Hurrenez hurren, animaziozko zinemak Zinemaldiaren historian izan duen presentzia, 60ko hamarkadan egindako Zinema Eskolen Nazioarteko Jardunaldiak, eta jaialdiak garai hartan Espainiako Zinema Berriarekin izan zuen harremana jorratuko dituzte. Hautaketa-batzordeak proposamenak “pluralak eta gaiaren eta metodologiaren aldetik egokiak” direla ebatzi du: “Maila teorikoan zinema-jaialdien ikerketan eta Estatuko eta nazioarteko zinematografiaren ezagutzan ekarpena egiten dute eta Zinemaldiaren artxiboko baliabideak iturri nagusitzat erabili dituzte”.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren babesari eske 2023an martxan jarritako ekimenak deialdi bateratua izan du aurten, eta aurkeztutako proiektuen artean bat lurraldeko ikertzaile bati eskainiko zitzaiola zehaztu zuten oinarrietan. Fernandez kazetari donostiarra izan da onuraduna eta Zinemaldiko artxibo historikoa baliatuz animazio-zinemaren historia azaldu, erroldatu eta aldarrikatuko du, Walt Disneyren One Hundred and One Dalmatians (1961) filma jaialdian lehiatuz zenetik iazko ekitaldiko sail ofizialean parte hartu zuen Sultanaren ametsa (Isabel Herguera, 2023) erakutsi zuten arteko aldian. Horrez gain, Donostiako esperientzia eta Europako beste zinema-jaialdi ez-espezializatu batzuetakoa alderatuko ditu.

Bestetik, aipatu bezala, Madrilgo Karlos III.a Unibertsitateko irakaslea den García Lópezek Donostia Zinemaldiaren baitan egin ziren Zinema Eskolen Nazioarteko Jardunaldien historiari (1960-1966) helduko dio, berauek zentsura erabili zuten esparruak izateaz gain, disidentziarako esparruak, ideien topaketa eta trukaketarako esparruak zein neurritan izan ziren argitzeko xedez, 68ko maiatzeko matxinadekin izandako loturak aztertuz. Hirugarren lan-proposamenak garai hartara eramango gaitu ere: Heredero historialari eta zinema-kritikariak Espainiako Zinema Berri kementsuaren eta Zinemaldiaren arteko harremanen erradiografia egingo du.

Hiru ikertzaileek Tabakaleran dagoen Artxiboaren instalazioetarako sarbidea izango dute, eta lan eta kontsultarako espazio bat izango dute Euskadiko Filmategian. 3.500 euroko diru-laguntza eskuratuko dute, joan-etorriak eta ostatua ordainduta izango dituzte, eta, gainera, egonaldiko egunei dagozkien dietak ere jasoko dituzte.

Jardunaldi irekia

José Ángel Herrero-Velarde beken lehenengo deialdiko azterlanak aurkezteko saioa egingo da ekainaren 22an, Tabakaleran. 17:00etatik aurrera, Irati Crespo Artxiboko koordinatzaileak gidatuta, Felipe Cabrerizok, Neus Sabatések eta Endika Reyk hartuko dute hitza, beren ikerketaren nondik norakoak eta emaitzak azaltzeko. Ostean, 19:00etan, Cabrerizok berak Sergei Eisensteinen Potemkin korazatua (1925) aurkeztuko du; film sobietarra ikusteko aukera ere egongo da.

Goizean, artxiboko instalazioak lehen aldiz irekiko dituzte publiko orokorrarentzat: “Gipuzkoako lurralde historikoan bizi direnei zuzendutako esperientzia izango da, eta aurreikusita dago etorkizunean ere berriz egitea. Plaza mugatuak daude; hori dela eta, aurretiaz eman behar dute izena bisitaldian parte hartzeko interesa dutenek”.