Ekainaren 7an eta 8an Black is Beltza (2018), Black is Beltza II: Ainhoa (2022) eta Bidasoa 2018-2023 (2023) lanak aurkeztuko ditu sortzaileak berak, Bruselako Nova zineman.

Vlananderen-Baskenland-zinea

Flandriar eta euskal kulturaren joan-etorriko Vlaanderen – Baskenland 2023-2024 egitasmoaren baitan, eta Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin, Bruselako Nova zinemak Fermin Muguruza artista irundarraren hiru film luze pantailaratuko ditu datozen egunotan. Saioak sortzaileak propio aurkeztuko ditu.

Kultur eragileak elkartzea, esperimentatzea eta elkarrengandik ikastea, eta bi lurraldeetako sorkuntzaren kalitatea eta izaera berritzailea plazaratzeko kultur proposamen zehatzak lankidetzan garatzea ditu Vlaanderen – Baskenland 2023-2024 programak helburu. Hala, kultura, sorkuntza garaikidea eta hizkuntza ardatz hartuta, diziplina anitzeko eskaintza zabala ari dira proposatzen. Kultur eragileen arteko lankidetza, eta artista, sortzaile eta kultur industrien sarea sustatzen dituzten hainbat proiektu jasotzen dituen egitaraua prestatu dute.

Tartean dira, nola ez, zinema emanaldiak. Kortatu eta Negu Gorriak taldeko abeslari eta sortzaile izandako Muguruzaren ikus-entzunezko hiru proiektu pantailaratuko dituzte ekainaren 7an eta 8an, Bruselako Nova zineman.

Jarraian duzue egitaraua:

  • Ekainaren 7an, 20:00etan: Black is Beltza (2018)

1965eko urrian gaude. New Yorkeko Bosgarren Hiribidean desfilatzeko gonbita jaso du Iruneko (Nafarroa) San Ferminetako erraldoien konpartsak. Ezingo dute, ordea, denek desfilatu: arrazagatiko bereizkeria dela kausa, agintari ipar-amerikarrek debekatu egin dute erraldoi beltzen parte-hartzea.

Gertaera historiko horretatik abiatzen da Black is Beltza, erraldoi horietako bat garraiatzeko ardura zuen Manex pertsonaiaren larruan sartuta. Ezustekoz betetako bidaia luze batean murgilduko da Manex, 1960. hamarkada ulertzeko giltzarri diren hainbat gertaera bertatik bertara ezagutuz. Horren lekuko, Malcolm X-ren hilketak eragindako kale gatazkak, Warholen faktoriako atmosfera bizarroa, Black Pantherrek Kubako zerbitzu sekretuekin harilkatutako harremana, edo hippyen hastapenak, lehen musika jaialdi erraldoietako giro psikodelikoan.

  • Ekainaren 8an, 19:00etan: Bidasoa 2018-2023 (2023)

Ainhoa mirariz jaio zen La Pazen (Bolivia) Amanda ama atentatu parapolizial batean eraila izan ondoren. Kuban hazi eta 1988an, 21 urterekin, Euskal Herrira abiatuko da Manex aitaren lurraldea ezagutzera.

Gatazka errepresibo betean, Josune kazetari konprometitua eta bere lagun koadrila ezagutuko ditu. Horietako bat heroina gaindosi baten ondorioz hiltzen denean, Ainhoa eta Josune iniziazio-bidaian murgilduko dira Libano, Afganistan eta Marseilla hiritik barrena. Gerra Hotzaren azken urteak dira eta biak ala biak narkotrafikoko sareek trama politikoekin elkartzen diren mundu ilunean barneratuko dira.

70. Donostia Zinemaldiaren abaroan, ZINEMIRA atalean aurkeztutako filma. Belodromoan egindako pase berezi gogoangarrian.

  • Ekainaren 8an, 21:00etan: Black is Beltza II: Ainhoa (2022)

2018ko udan Frantziak ezarri zituen Pirinio-Atlantikoko Bidasoako muga naturalaren pasagune batzuen kontrola eta itxierak, Europako gainontzeko herrialdeetara igarotzeko etorkinen sarrera eragozteko, 10 hildako eragin zituen urtebetean. Zazpi pertsona hil dira 2021eko apiriletik Irun eta Hendaia arteko Bidasoa ibaiko uretan itota, eta beste hiruk bizia galdu zuten 2021eko urrian, Ziburun tren batek harrapatuta.

Dokumental honek, ibaiaren bi aldeetako hainbat ekintzaileri ahotsa eta aurpegia emateaz gain, Harrera Sarea eta Bidasoa elkarteetako ordezkariak, bizia galdu dutenak ere gogoan izango ditu; izena, adina, bidaia eta ametsak, hildako kopuru hotzen atzean dagoen istorioa eta pertsonak ezagutuz, modu honetan tragedia gizatiartuz.