Besteak beste, Marina Lameiro eta Ione Atenea zinemagile nafarren lan berrienak pantailaratuko dituzte ekainaren 7tik 14ra egingo duten edizioan. Saioak Iruñeko Golem Baionan izango dira, baina Altsasun, Lizarran eta Tafallan ere egongo dira zenbait film ikusgai.
Iruñeko Zinemaren eta Emakumeen Erakusketa Internazionala 1987an sortu zen honako helburu hauekin: nazionalitate guztietako zinemagileen lanak erakusteko plataforma izatea eta emakumeek zineman duten ordezkaritza genero-ikuspegitik aztertzea. Makina bat urte daramate genero-ikuspegia esparru guztietan txertatzeko eta feminismoa hedatzeko lanean, zinema tresna gisa erabiliz; emakumezko sortzaileen, zuzendarien, gidoilarien eta aktoreen lidergoa ikusaraziz eta indartuz, balio patriarkalak eraldatuz eta munduko beste begirada batzuk zabalduz.
Aurten, 38. edizioa beteko du ekimenak, ekainaren 7tik 14ra bitartean, eta ohi bezala, IPES Fundazioaren eta Golem zinemen elkarlanari esker, Iruñea zinemaren topaleku bilakatu dute. Zazpi film luze, bi ertain eta bost labur pantailaratuko dituzte, gaur egun ezinbestekoak diren hainbat gai jorratuko dituztenak; emanaldien ostean, lanen zuzendari eta gonbidatu bereziek hartuko dute hitza solasaldietan.
Jarraian egitaraua:
- Ekainaren 7an, 19:30ean | Un lugar común (Celia Giraldo, 2024). Gonbidatua: Celia Giraldo zinemagilea.
- Ekainaren 10ean, 11:00etan eta 19:30ean | Blondi (Dolores Fonzi, 2023). Gonbidatua: Sonia Herrera Ikus-entzunezko Komunikazioan eta Publizitatean doktorea.
- Ekainaren 11n, 11:00etan | Parir (Claudia Reig, 2023). Gonbidatua: Claudia Reig zinemagilea.
- Ekainaren 11n, 18:00etan | Krutxalteatik Uronarat (Marina Lameiro, 2024) eta Luces en sombra (Ione Atenea, 2024). Gonbidatuak: Marina Lameiro eta Ione Atenea zinemagileak, eta Katia Reimberg eta Soraya Ronquillo aktibistak.
- Ekainaren 11n, 20:00etan | Diario de mi sextorsión (Patricia Franquesa, 2024). Gonbidatuak: Patricia Franquesa zinemagilea, eta Maria Monreal CIMAk Nafarroan duen ordezkaria.
- Ekainaren 12an, 11:00etan eta 19:30ean | Le retour (Catherine Corsini, 2023). Gonbidatua: Vanina Vazquez Psikologian lizentziaduna eta Generoan eta Familia Bitartekotzan aditua.
- Ekainaren 12an, 17:00etan | Film laburrak femeninoan 2024: Colorado (Sandra Gallego eta Pilar Gomez, 2023), Estigma (Aida Arguelles, 2023), Hábitat (Elena Escura, 2023), Intercambio (Amaia Yoldi, 2023), Mentiste Amanda (Eva Libertad eta Nuria Muñoz, 2023), O (Maria Monreal, 2023). Gonbidatuak: Maria Monreal eta Amaia Yoldi zinemagileak.
- Ekainaren 13an, 11:00etan eta 19:30ean | Solo (Sophie Dupuis, 2023). Gonbidatua: Albina Stardust drag artista.
- Ekainaren 14an, 11:00etan eta 19:30ean | Paradise is Burning (Mika Gustafson, 2023). Gonbidatua: Laura Latorre gizarte-hezitzaile, terapeuta narratibo eta idazlea.
Emanaldi guztiak Iruñeko Golem Baiona zinema aretoan egingo dituzte. Goizeko saioetarako sarrerek 5 euro balio dute, arratsaldekoek, aldiz, 6 euro. Sei saioetarako bonua 30 eurotan eros daiteke.
Altsasu, Lizarra eta Tafalla
Ohi bezala, Zinemaren eta Emakumeen Erakusketa Internazionalaren 38. edizioak hedapena izango du Nafarroan, eta mostra Iruñean gauzatu bitartean hainbat film ikusgai izango dira lurraldeko zenbait herritan. Ekainaren 10ean Blondi emango dute Altsasuko Iortia Kultur Gunean, 19:30ean; ekainaren 13an, ordu berean, Solo Lizarrako Los Llanos kultura-espazioan.
Aldiz, hiru egunez luzatuko da Tafallako egitaraua. Hilaren 11n Diario de mi sextorsion pantailaratuko dute, 20:00etan, Tafalla Kulturgunean. Hilaren 12an, 19:30ean, Le retour egongo da ikusgai, eta 14an, ordu berean, Paradise is Burning.
Informazio osagarria, ondoko estekan.