Tamara Lucariniren El hombre efeméride, Aroa Fernandezen Helduak gara eta Oihane Oyarzabalen Dani the girl proiektuak aukeratu ditu epaimahaiak. Sari-banaketa ekitaldia ekainaren 8an egingo dute, Euskal Film Laburren I. Merkatuaren baitan.

euskal autore emakumeen gidoi lehiaketa-finalistak-zinea

Gidoi – Euskadiko Gidoigileen Elkarteak Euskal autore emakumeentzako film laburren I. gidoi lehiaketa iragarri zuen maiatza hasieran, eta dagoeneko ezagun dira proiektu finalistak. Caostica Nazioarteko Film Labur eta Bideoklipen Jaialdiarekin lankidetzan eta (H)emen elkartearen laguntzarekin antolatu dute ekimena, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jaio edo gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin erroldatutako emakumeek izan dute parte hartzeko aukera.

Maider Oleagak, Olatz Beobidek eta Tamara Garcia Iglesiasek osatu dute epaimahaia eta jasotako proiektuen “maila altua” nabarmendu dute. Horiek gai eta genero askotakoak izan direla gehitu dute, proposamen narratiboetan “aniztasun aberatsa” egon dela iritziz. Horiek baloratu ostean, finalisten zerrenda argitu dute: Tamara Lucariniren El hombre efeméride, Aroa Fernandezen Helduak gara eta Oihane Oyarzabalen Dani the girl.

Azpen epaia ekainaren 8an emango dute, Bilboko Bilborock aretoan egingo den Euskal Film Laburren I. Merkatuaren baitan, 20:00etatik aurrera. Proiektu irabazleak 600 euro eta garaikur bat jasoko ditu; lehiaketaren antolatzaileek adierazi dutenez, sari hau emakumeen artean gidoiaren idazketa sustatzeko eta gidoiaren idazketaren esparruan emakumeak profesionalizatzen laguntzeko bultzada bat da.

Sari-banaketa ekitaldira zein Euskal Film Laburren I. Merkatura bertaratu nahi dutenek ondoko izen-emate formularioa bete beharko dute; sarrera doan da.