Epe laburrera, zer kezka eta erronka dira nagusi ikus-entzunezkoen munduan? Nora doa sektorea? Zein da Arabak jokatzen duen papera? Benetako aukera al da? Galdera horiek guztiak izango dituzte mintzagai datorren ekainaren 11n, Gasteizko Vital Fundazioa Kulturunean ospatuko den Cine Trends topaketan.

Arabako Foru Aldundiak abendu amaieran jaso zuen Bruselaren oniritzia: duela urtebete ingurutik Bizkaian dituzten kenkari fiskalak aplikatu ahalko dira ere lurraldean. Europako Batzordeak aste batzuk atzera argi berdea ematen zuen komunikatu bat helarazi bazuen ere, 2023aren itxieran jaso zuen foru erakundeak jakinarazpen ofiziala. Aldundiak «prozesu» bati ekin zion orduan, «sormenaren eta ikus-entzunezkoen industriarako pizgarri fiskal berriak» ezarriko dituen foru-arau bat onartzeko.

Hala, aurrerantzean, filmak eta telesailak filmatzeagatik kenkariak %50 eta %60 artekoak izango zirela iragarri zuten, beti ere, lurraldean egindako gastuaren arabera aplikatuko zirenak. Gainera, euskarazko ekoizpenen kasuan, konpainiek %70eraino desgrabatuko luketela azaldu zuten.

Hain zuzen ere, zerga pizgarrien araudi berria izango da topaketan landuko den gai nagusietako bat, Ignacio López Tamayok, Gasteizko PKF Attest konpainiako fiskalitate eta lege ataleko buruak, eskainiko duen Fiskalitatea eta Ikus-entzunezkoen Sektoreko Kontratazio- araudi berria ponentziaren bidez. Horren ostean, Adimen Artifizialak ikus-entzunezkoen sormenean izan ditzakeen aplikazio eta erabilerak izango dituzte aztergai, Felipe Jimenez Lunak gidaturiko Adimen Artifiziala Ikus-entzunezko Edukiak Sortzeko solasaldian.

Egitarauarekin amaitzeko, Ikus-entzunezkoen Sektoreko Joerak hizketagai izango dituen solasaldia egingo dute, langintza ezberdinak ordezkatuko dituzten Felipe Jimenez Lunaren, Ignacio López Tamayoren, Paul Urkijoren eta Gloria Peñaren parte-hartzearekin.

Doako topaketa izango da, baina aldez aurretik konfirmatu beharko da asistentzia.