Gaur, Donostiako Santa Teresa komentuan urteetan zehar sortu duten zuzendari eta produktorearen arteko harremanari buruz hitz egingo dute, 19:00etan hasita; sarrera doan da. Ekainaren 28tik aurrera, edizio honetako elkarrizketa guztiak sarean jarriko dituzte ikusgai.

GO53V9XWUAA5aiU

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuak, Koldo Mitxelena Kulturunearekin elkarlanean antolatua, hirugarrenez ospatu da Zinegileen arteko elkarrizketak zikloa, Donostian. 2024ko lehen seihilekoan gauzatu dira enkontruak, eta berriki estreinatu edota estreinatzear dauden proiektuekin lotutako gonbidatuak hartu ditu. Sei saiok osatu dute orain arte programa, eta gaurkoa izango da zazpigarrena eta azkena.

Donostia Zinemaldiaren Z365 atalaren zein Elias Querejeta Zine Eskolaren partaidetza du egitasmoak, eta zinema ikasle zein zaletuei zuzenduta dago. Zinemagileak beren ohiko kolaboratzaileekin elkarrizketan aritu dira, film baten ekoizpenaren eta errealizazioaren ikusten ez diren alderdiak hobe ulertzeko gako berriak emateko. Gaur, ekainak 4, J.A. Bayona eta Belén Atienza izango dira gonbidatuak, eta Amaia Serrulla programatzaileak ere parte hartuko du; urteetan zehar sortu duten zuzendari eta produktorearen arteko harremanari buruz hitz egingo dute. Zehazki, gainera, La sociedad de la nieve ekoizpen arrakastatsua izango dute aztergai.

2023ko Veneziako Mostran aurkeztu zuen Bayonak ber lan berriena, eta ostean Donostia Zinemaldian erakutsi zuten, Perlak sailean. Hain zuzen ere, Donostia Hiria Publikoaren Saria irabazi zuen, eta sari-banaketa denboraldia arrakastatsu bukatu du. Besteak beste, 12 Goya lortu ditu, eta Europako Zinemaren Akademiaren galan ere aitortu dute. Oscar sarietan bi izendapen izan ditu.

Jarraian filmak kontatzen duena: 1972an, Uruguaiko Aire Armadaren 571. hegaldia, errugbi talde bat Txilera eramateko pleitatua, Andeetako bihotzean erori zen. 45 bidaiarietatik 29 baino ez ziren bizirik atera. Planetako ingurune gogor eta iritsi ezinenetako batean harrapatuta, muturreko neurriak hartu behar dituzte bizirik irauteko.

Aurrekoak bezala, 19:00etan hasiko da saioa. Koldo Mitxelena Kulturunea berritzen ari direla-eta, Donostiako Santa Teresa komentuan izango da. Sarrera doan da.

Saio guztiak sarean ikusgai

Zazpi saiok osatu dute Zinemagileen arteko Elkarrizketak zikloaren hirugarren edizioa, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, ekainaren 28tik aurrera denak ikusgai izango dira Koldo Mitxelena Kulturuneko YouTubeko kanalean eta Donostia Zinemaldiaren webgunean.

Ondorengoak izan dira urtarrilaz geroztik hitza hartu duten zinema arloko profesionalak: Negu Kolektiboa (Negu hurbilak); Víctor Iriarte eta Carlos Muguiro (Sobre todo de noche); Elena Martín (Creatura), Laura Ferrés (La imatge permanent) eta Javier Macipe (La estrella azul); Isabel Coixet eta Sara Mesa (Un amor); JA Bayona eta Belén Atienza (La sociedad de la nieve); Belén Funes eta Marçal Cebrián (La hija de un ladrón); Isabel Herguera (Sultanaren ametsa) eta Pablo Berger (Robot Dreams).