Clarisa Navas zuzendari argentinarrak jasoko du Zinegoak – Bilboko LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdiaren 2024ko Ohorezko Saria. Navas zuzendari, gidoilari, ekoizle, irakasle eta idazlea lanetan jardundakoa da, eta klase eta genero ikuspegidun zinema garatzen du, “pasioz eta konbentzimenduz”.

Sorkuntza kolektiboko prozesuak bultzatzen dituelako, “eraldaketarako motor eta palanka gisa”, goratu du jaialdi bilbotarrak Navasen jarduna: “Orainaldiko eta etorkizuneko erreferentzia bat da”, azaldu du Alaitz Arenaza mostraren zuzendariak, “Zinema eta mundua ulertzeko modu bat, espazio bizigarriagoak bizitzeko aukera ematen diguna, nahiz eta gogorrak eta bortitzak izaten jarraitu, baina izateko eta egoteko beste modu batzuk erakusten dizkiguna”. Bada, bere lan artistikoa eskertu eta honen bidez islatzen duen konpromiso politiko eta soziala aitortu nahi dizkio ZINEGOAKek Ohorezko Sariaren bidez.

Sortzaile polifazetikoa, Ikus-entzunezko Arteetan lizentziaduna da Arteen Unibertsitate Nazionalean (UNA, Buenos Aires, Argentina). Esperimentazio eta Errealizazio Zinematografikoko Eskola Nazionalean (ENERC) irakaslea, proiektuak garatzeko ABC BAFICI saila zuzentzen du, eta 2010az geroztik Argentinako Ipar-ekialdean eta Paraguain zinema egiteko beste modu batzuk asmatzen dituen Yaguá Pirú Cine kolektiboko kidea da.

2011. urtean, zuzendu zuen bere lehen film luze dokumentala, Retratos de otro país, Argentinako toki ezezagunenak atera zituenak argitara: komunitate indigenak, landa-herriak eta gizarte-inguruneak, sistema instituzionaletatik kanpo antolatzen direnak eta zinemari buruz duen ikuspegi politikoa eta berak inprimatu nahi dion zentzua zalantzan jartzera bultzatzen dutenak. Era berean, Navasen fikziozko bi film luzeak, Hoy partido a las 3 eta Las mil y una, emakumeei, giza harremanei, aniztasunari eta ezarritako eredu eta konbentzioetatik at geratzen diren bizipenak garatzeko borrokari idatzitako kantuak dira.

Oro har, elementu nagusi bi nabarmentzen dira bere lan guztietan: jendearekiko pasioa (batez ere emakumeekikoa) eta mugekiko lotura, identitateak diluitzen dituen espazio gisa. Zentzu horretan, Los Guarangos (2012) dokumentala, Mujeres entre fronteras (2015) dokumental saila, edo Rio atrevido (2016) fikziozko saila nabarmentzen dira bere obran.

Zinemagilea hunkituta agertu da Zinegoakek emandako aitorpenarekin: “Oso eskertuta nago nigan pentsatu dutelako. Argentinan hain garai zaila izaten ari da, eta egiten dugun guztirako hain panorama tamalgarria denez, gonbidapen hau besarkada bat bezala sentitzen da, gure herrialdean jasotzen dugun bakarra erasoak diren garai batean“. Hain zuzen, zuzendariak herrialdeak Javier Milei buru duen gobernuaren eskuetatik bizi duen zapalkuntza eta egoera prekarioa ekarri ditu gogora: “Zaila da sentsazioa azaltzea, baina hilabete hauetan, ultraeskuina gobernura heldu zenetik, bizi-baldintzak amildu egin dira gehienentzat, kultur adierazpen guztiak, hemen bizi garenon eskubideak, baina baita herri honen memoria ere, sistematikoki suntsitzeko plana ikaragarria da”.

Horren aurrean, “neke handia” sentitzen dutela azaldu du Navasek, “egunero aurre egin behar diogulako borrokaren bati. Hori dela eta, zaila da pentsatzea nola jarraitu zinema egiten, edo zer leku izan dezakeen film batek gaur egungo testuinguruan, herrialdearen gehiengoak gosea pairatzen duenean. Hala ere, bizitzen ari garen hondamendi sozial hori beste zerbait imajinatuz ere inguratu behar da. Uste dut guk, queer sentitzen garenok, hori oso presente daukagula, badakigulako borrokarik gabe eta desiorik gabe mundu hau desberdina izateko aukerarik ez genukeela izango”.

Argentinar zinemagileak ekainaren 24an, astelehena, Arriaga Antzokian egingo den jaialdiaren inaugurazio ekitaldian jasoko du Ohorezko Saria. Bezperan, ekainaren 23an, 18:30ean, Bilborocken, solasaldi bat egingo da Irantzu Varela kazetari feministarekin, eta Navasen hiru lan, bi film labur eta film luze bat, proiektatuko dira: Enviado para falsear, No es un juego eta Hoy partido a las 3. Gainera, ekainaren 25ean Las mil y una izango da ikusgai 18:30etik aurrera, BilbaoArten.