Zabaldu dute Punto de Vista – Nafarroako Zinema Dokumentalaren Jaialdiaren Sail Ofizialera lanak aurkezteko epea, irailaren 9ra bitartean. 2025eko otsailaren 24tik martxoaren egingo dute XIX. edizioa.
Lan dokumental berritzaileenei eskainitako jaialdiak Manuel Asín zuzendari artistikoak abiatu zuen aro berriko laugarren -eta azken- urtearen prestaketa lanei hasiera eman die deialdiaren iragarpenarekin. Fikziozkoak ez diren ikus-entzunezkoak, gai, iraupena eta hizkuntza aldetik libreak, galdegin dituzte parte hartzera, eta izen-emate formularioa jarri dute eskura jaialdiaren atari digitalean. Datorren irailaren 9ra arte luzatuko da horretarako epea.
Inskripzioak bost euroko kostua du, eta jasotako lanen artean, festibaleko Zuzendaritza Artistikoko kideek zein hainbat adituk osatutako hautespen-batzordeak datorren urtean ikusgai izango diren lanak hautatuko ditu. Aurreikusi dituzten epeen arabera, 2024ko abenduan emango dute proiektu hautatuen berri.
Lanek dokumental izaera gainditzeko eta berritzaile izateko duten borondatea, proposamen arriskutsu eta bilatzaileak izatea, sortzaileek beren filmetako subjektuekin duten konpromiso etikoa, errealitatearen inguruan eskaintzen duten ezagutza eta adierazpide independenteak izatea baloratuko dute hautespen batzordeko kideek, besteak beste, ikuspuntu berritzaile, independente eta sozialki konprometitua duten egileen mundu osoko lanak Sail Ofizialean bistaratzeko.
Epaimahaiak, aldiz, lau sari nagusi banatuko ditu, hala nola, film onenaren 10.000 euroko saria, zuzendaritza onenaren 5.000 eurokoa, film labur onenaren 3.000 eurokoa, eta epaimahaiaren aipamen bereziak. Horrez gain, ikusleen 1.650 euroko sari berezia eta gazteriaren 1.500 euroko saria ere eskaini ohi dituzte.
Deialdiaren inguruko xehetasunak ezagutzeko zein izen-emate formularioa, ikusi jaialdiaren webgunea.