Nafarroako Gobernuak, lurraldeko ikus-entzunezko industria bultzatzeko xedea duen 2024ko Generazinema Garapena deialdiaren azken egunak dira honakoak. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa da, ekainaren 5era bitartekoa.

generazinema 2024-zinea

Nafarroako Aldizkari Ofizialean jaso da 27E/2024 FORU AGINDUA, apirilaren 8koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinak Generazinema Garapena 2024-2025″ izeneko dirulaguntza deialdia jasotzen duen. Hala, Nafarroako Gobernuak beste urte batez berretsi du zinemako filmen eta fikziozko ikus-entzunezko lanen proiektuak garatzeko, sorkuntzako edo animazioko dokumentalak egiteko, zinema-aretoetan ustiapen komertziala egiteko, edo telebista-operadoreek (kanal tradizionalak edo Internet bidezkoak) edo OTTek emititzeko babes ekonomikoa emateko asmoa.

Bada, banakako proiektuak edo serieak izan daitezkeela zehazten du neurriak, betiere, GARAPEN fasean aurkitzen badira. “Proiektuaren garapena” da ikus-entzunezko ekoizpen baten prestaketa eta diseinua, produkzio fasea bera baino lehenago egiten diren operazioetara bideratua, batez ere honako hauetara :lanaren egile eskubideak eskuratzea, gidoia garatzea, castinga egitea, produkzio plana prestatze kolanak, dokumentazio lanak eta filmatzeko tokiak bilatzekoak, aurrekontua eta finantzaketa plana prestatzea, marketin eta banaketa plana prestatzea, publiko potentziala hauteman eta sortzeko sistemak, sustapen materiala prestatzea (inprimatzeko materialak eta bitarteko digitalak, teaserra, trailerra, programa pilotua, webgunea, storyboard-a, concept art-a eta pertsonaiak eta eszenatokiakdiseinatzea, modelatzea, eta abar), proiektuaren alderdi teknologikoei lotutako lanak.

Era berean, zehaztu dute diruz lagunduak diren proiektuak 2023ko azaroaren 1etik 2025eko urriaren 31ra bitartean gauzatu beharko direla. Lanak babesteko aurrekontua, orotara, 115.000€-koa da, eta bi kategoria bereizi dituzte esleipenerako: A modalitateak fikziozko lanen edo sorkuntzako dokumentalen proiektuak hartuko ditu; B modalitateak, aldiz, animaziozkoak. Bietan ere, banakako proiektuak badira 60 minutu edo gehiago izan beharko dute; serieak badira, 20 minutukoa da gutxiengo iraupena.

Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izango da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Hau da, datorren ekainaren 5a bitartean aurkeztu ahalko dira lanak.

Xehetasun gehiago, HEMEN.