Kultura-sorkuntzan eta industrian aditua den bilbotarra jaialdiaren Ordezkari Nagusia izan zen 1988an eta 1989an, Luis Iturriren zuzendaritzapean. Vanesa Fernandez Guerraren aldian hizkuntza-arloan eta euskal zinemaren defentsan egin diren aurrerapausoek jarraipenik izango duten ikusteke dago.

Joseba Lopezortega-zinebi-zinea

Bilboko Udalak jakinarazi duenez, ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak badu zuzendari berria. Urtarrilean Vanesa Fernandez Guerrak kargua uztea erabaki zuenetik durangarraren ordezkoaren bila aritu dira, eta dagoeneko ezagun da haren izena: Joseba Lopezortega.

1962an Bilbon jaioa, Geografia eta Historian lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta aditua da kultura-sorkuntzan eta industrian. 2023az geroztik, gainera, Kulturaren Euskal Kontseiluko kidea da. Azaroaren 8tik 15era bitartean egingo den 66. edizioan hartuko du ardura; 1988an eta 1989an, jaialdiaren Ordezkari Nagusia izan zen, Luis Iturriren zuzendaritzapean. Hautaketa batzordeko kide da 19 urte zituenetik, eta bestelako zereginak ere izan ditu.

Hemezortzi urtez aritu zen Ernesto del Ríok erretiroa hartu zuenean  lan-deialdi publiko bidez aukeratu zuten Fernandez Guerra ZINEBIko zuzendari, eta sei urtez arduradun nagusia izan da. Biziberritu egin du durangarrak festibala, eta besteak beste, bere lorpentzat jo daiteke azken ekitaldietan film guztiak euskarazko azpitituluekin proiektatu izana; euskal zinemak ere tarte berezia izan du, Bertako Begiradak atalean. Erabaki propioz utzi zuen urte hasieran kargua, eta ikusteke dago haren zuzendaritzapean hizkuntza-arloan eta euskal zinemaren defentsan egin diren aurrerapausoek jarraipenik (eta nola) izango duten.

Horrez gain, bestelako ardurak ere izango ditu Lopezortegak. Filmen emanaldiez harago, industriaren bilgune ere bilakatu du Fernandez Guerrak festibal bilbotarra -mahai-inguruek, hitzaldiek, sorkuntza-lantegiak eta topaketek osatu izan dute egitaraua-, eta zuzendari berriaren ildoarekin bat datorren edota zein zinemaldi eredu aurkeztu nahi duen ezagutzeke dago.

Bestetik, bilbotarrekin, eta oro har, zinemazaleekin konektatzeko erronka izango du. Baita prentsarekin ere, jakinda data horietan ospatzen den Xixongo Nazioarteko Zinemaldiak itzalpetu egiten duela ZINEBI.