Lagunak, erreskatera! (Laurent Bru, Yannick Moulin eta Benoît Somville, 2024) filma ostiral honetan estreinatuko da Hego Euskal Herriko hainbat aretotan, Zinema Euskaraz programaren eskutik. Publiko orokorrari bideratuta dagoen film frantziarra euskarara bikoiztuta ikusi ahal izango dugu.

Superbilau misteriotsu batek urarekin kontaktuan eztanda egiten duen apar arrosa toxiko batekin estaliko du oihana. Orduan, lagunak erreskatera aterako dira. Euriteen sasoitik hilabete baino gutxiagora, hasi da lasterketa!

Gure heroiak, aliatu berriekin, mundu osoan zehar ibiliko dira antidoto baten bila. Iparraldeko eskualde urrunetatik, Europatik, Asiatik eta Ekialde Ertainetik igaroz, historiako bilaketarik handiena egingo dute. Oraingoan, ordea, inoizko aurkari adimentsuenari eta gaiztoenari egin behar diote aurre. Mauricentzat eta bere lagunentzat, inoiz ez da hainbeste egon jokoan!

Bada, filma, ondorengo ziema-aretoetan ikusi-ahalko da: Golem Alhondiga (Bilbo), Getxo Zinemak (Getxo), Zugaza Zinema (Durango), Florida Zinemak (Gasteiz), Gorbeia Zinemak (Gasteiz), SADE Cines Antiguo Berri (Donostia) eta Golem La Morea (Iruñea).

Estreinaldia, euskaraz

Zineuskadik sustatutako Zinema Euskaraz programaren baitan aurten estreinatuko den  bosgarren filma da. Euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko helburua du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak bultzatutako programa honek, eta haur zein gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketaz arduratzen da, zinemagintzan ere euskararen hedapena bultzatzearren.

Hala, datozen hilabeteetan helduko direnak ere iragarri dituzte:  ekainaren 7an, Robotia, eta abuztuaren 14an, Buffalo Kids.