2024ko edizioko Dok, Fik eta Krak ataletan lehiatuko diren film luzeak epaitzeaz arduratuko diren kideak argitu ditu Bilboko LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak.
Zinegoak – Bilboko LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak ekainaren 24tik uztailaren 1era bitartean ospatuko du 21. edizioa, eta queer idenitatearen indarra aldarrikatuko dute. Ohi bezala, film luzeen sail ofiziala hiru kategoriatan banatuta egongo da -Dok, Fik eta Krak-, eta horietan erakutsiko dituzten lanak ikusi eta baloratzeko ardura nazioarteko epaimahai banak izango du, LGTBIQ+ prespektiba duten sektoreko profesionalez osatutakoa.
Dokumentalen sailaren gain arituko dira Rakel Esparza Bilboko Azkuna Zentroko Kultura Programatzaile bilbotarra, Lucas Platero Méndez unibertsitate irakasle eta LGTBIQ+ eskubideen aldeko aktibista espainiarra, eta Catarina Vasconcelos zinemagile portugaldarra.
Bestetik, fikziozko film luzeak epaituko dituzte Laurent Bocahut ekoizle frantziarrak, Alba González de Molina Soler CIMAko zuzendari gerentea eta zinemagile kanariarrak, eta Olatz Salvador Zaldua musikari donostiarrak.
Narratiba berriei eskainitako KRAK sailean beste hiru aditu ariko dira epaile: Tau Luna Costa artista kolonbiarra, Danele Sarriugarte Mochales idazle eta kazetari elgoibartarra, eta Fefa Vila Núñez soziologo eta idazte espainiarra.
Epaimahai ofizialaz gain, Zinegoakek ere beste gai batzuekin lotutako epaimahaiak izango ditu, urtero bezala: Giza Eskubideen eta Aniztasunaren epaimagaia; Lesbianismo eta Generoaren epaimahaia; Senior epaimahaia; Gazte epaimahaia; eta Euskal Aktoreen Batasunaren epaimahaia.