Teknologia berriek eta mugikorrek adin txikikoei eskaintzen dizkieten aukera eta mehatxuak aintzat hartuko dituzten iragarkiak izango dira EUSPOT – Euskarazko Spot Lehiaketako 13. edizioaren ardatza. Erantzun bikaina izan du deialdiak, guztira 87 lan aurkeztu dituztelarik: horien artean, kategoria bakoitzeko finalistak iragarri dituzte.

Euskarazko spoten sorkuntza bultzatzeko sortu zen EUSPOT – Euskarazko Spot Lehiaketa 2011 urtean. Bada, ordutik, aitzindaria da euskara, sormena eta publizitatearen arloa uztartzen eta erreferente bilakatu da euskarazko publizitatearen harrobia lantzen. Aurten 13. edizioa ospatuko da, eta TELEFONO MUGIKORRAK ETA ADIN TXIKIKOAK hautatu dute landu beharreko gaia. Hain zuzen ere, teknologia berriek eta mugikorrek adin txikikoei eskaintzen dizkieten aukera eta mehatxuak aintzat hartuko dituzten iragarkiak galdegin dituzte, gizarte orokorrari oro har, eta, bereziki, adin txikiko haurren guraso eta hezitzaileei zuzendutako piezak izan behar dira.

Bada, ondo errotutako lehiaketa dela erakutsi du beste urte batez, parte-hartze handi bati esker. Izan ere, guztira 87 lan aurkeztu dira deialdira; horien artean 18 urtetik beherakoek eginiko 60 pieza jaso dira, 18 urtetik gorakoek eginiko 27. Ondorengo estekan ipini dituzte ikusgai: euspot.eus/hemen-dituzue-87-spotak-ikusgai

Lan finalistak

Datorren ekainaren 6an egingo duten sari-banaketa ekitaldirako astebeteren faltan, kategoria bakoitzeko finalistak iragarri berri dituzte antolatzaileek.

18 urtetik gorakoen kategorian:

  • Mugikorrak eta haurrak (Uxue Poveda eta Oier Markotegi)
  • Mugikorrari mugak (Maia Aiastui eta Maddi Urkia)
  • Distrakzioaren adikzioa (Unai Cantabrana, Aner Olaizola eta Danel Ezpeleta)
  • Ez debekatu, erakutsi (Paula Moreno, Jon Castro eta Oihana Nuñez)
  • Ez da noiz, baizik eta nola (Ibai Urien eta Maialen Gil)
  • Zure esku dago (Usoa Zulueta eta Gorka Granado)
  • Hutsik (Mikel Andrews Eizaguirre)
  • Ama, mugikor bat nahi dut (Lide Gorosabel eta Ainhize Zurinaga)
  • Izan burua, altxa burua (Oihan Loiti)
  • Benetako konexioak (Nahia Cisneros eta Amanda Caro)

 

 

Aldiz, 18 urtetik beherakoen kategorian:

  • Zuk zeuk erabaki (Eider Sanchez, Maddi Lasa eta Itxaso Lopez)
  • Zaindu maite duzun hori (Lide Orobengoa eta Irati Oñederra)
  • Antzekotasunik ikusten? (Enara Losilla)
  • Zeuk erabaki (Julen Lezeta)
  • Mobilarekiko dependentzia (Shaila Diaz)
  • Galadutako denbora (Frieda Zangy eta Alba Becerra)
  • Heldua zu zara, heldutasunez jokatu (Peru Arrese eta Izadi Zumalde)
  • Gora begira mundu berria (Julen Calderon, Garazi Prieto ea Zaloa Garcia)
  • Mugikorrak eta nerabeak (Aimar Vitoria, Sara Sanchez eta June Vega)
  • Mugikorraren erabilera (Enara Zubilaga, Aizpea Lazpiur eta Izaro Lazpiur)

Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxean egingo dute hitzordua, eta honako palmaresa egongo da jokoan:

  • Spotik onena: 1.000 €
  • Publikoaren saria: 500 €
  • Gazteen saria (14-18 urte): 500 €
  • Musika sinkronizazio onenaren saria: 300 €
  • Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena: 500€
  • Arizmendiko ikasleen spotik onena: 250 €