Film luzeen proiektuak lantzen ari diren zuzendariei eta ekoizle berriei tutoretza eta laguntza emateko Noka Ekoizpena programaren bigarren modulua maiatzaren 24an garatu zen Gasteizko Artium Museoan. Datorren ekainaren 28an egingo dute hirugarren moduluari dagokio saioa, gidoien egituraketari buruzkoa.

Zineuskadi Elkarteak Tabakalera – Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroarekin elkarlanean, iragan martxo hasieran iragarri zuen Noka Ekoizpena programa berria; Euskal Herriko emakumezko zuzendari berriei tutoretza eta laguntza eskaintzea du helburu, esku artean dituzten film luzeen proiektak azken fasean dituztenean. Besteak beste, gidoia amaitzen eta aurreprodukzioan lehen urratsak ematen lagunduko zaie deialdian hautatuak izan diren bi zuzendari eta bi ekoizleei.

Bada, apirilaren 12an, Bilboko Artxibo Historikoan elkartu ziren programaren lehen edizioan hautatuak izan diren bina zuzendari eta ekoizleak, tutoreak aldamenean zituztela. Batetik, Nerea Castro zinemagileak eta Gádor Camacho ekoizleak Canción Animal aurkeztu zuten. Bestetik, Joana Moya zuzendariak eta Paloma Hernández Gonzalez produktoreak La Koreana lana izan zuten hizpide. Lehen topaketa honetan Estibaliz Urresola Solaguren (20.000 erle espezie, 2023), Rocío Mesa (Secaderos, 2022), Alba Sotorra (El Retorno, la vida después del ISIS, 2021) eta Marisa F. Armenteros (ekoizlea: Cinco lobitos, 2022; Un amor, 2023) tutoreak aurrez aurre zein online batu zitzaizkien.

Bigarren modulua, aldiz, maiatzaren 24an garatu zen Gasteizko Artium Museoan. Hautatutako zuzendariek eta ekoizleek beren lanetan egin dituzten aurrerapenak erakusteko aukera izan zuten, lanen tutoretzaz arduratzen diren lau zinemagileen aurrean: Estibaliz Urresola Solaguren, Rocio Mesa, Alba Sotorra eta Sara de la Fuente. Gainera, Alauda Ruiz de Azúa zinemagileak gidaturiko pertsonaiei buruzko modulu espezifiko bat jasotzeko, eta Bilibin Circularreko  Eneko Muruzabalen eskutik, ekonomia zirkularrari eta filmaketetan jasangarritasuna ezartzeari buruzko hitzaldi bat aditzeko aukera ere izan zuten.

Datorren ekainaren 28an, Tabakaleran egingo dute programaren hirugarren modulua, gidoien egituraketari buruzkoa. Jardunaldiaren lehen zatian, Mercedes Selgas film controllerak eta Clara Lago Caballo Filmseko zuzendari nagusiak produkzioari buruzko mentoretza eskainiko dute, eta parte-hartzaileak aurrekontuari eta ekoizpena gauzatu aurretik landu beharreko beste gai legal garrantzitsu batzuei buruzko lehen urratsak ematen hasiko dira.

Bestalde, hirugarren modulu honetan, NOKA Ekoizpena ekimeneko parte-hartzaileek tarte atsegin bat partekatu ahal izango dute NOKA Mentoring programan hautatutako zinemagileekin. Gainera, Isabel Peña Domingo zinema eta telebistako gidoilariak mentoretza-programa horretan emango duen aholkularitzara ere batu ahal izango dira.

Eraginkortasuna helburu

Programa berriari esker, Noka Mentoring egitasmoan sortutako proiektuen eraginkortasuna bultzatu nahi da, laborategi, inkubagailu edo erakunde desberdinetatik etor daitezkeen beste proiektuak ahaztu gabe. Era berean, proiektu horiek pantaila handira eraman ditzaketen emakumezko ekoizle berriak prestatzearen alde ere apustu egin nahi dute.

Hala, denbora, espazioa eta testuingurua eskaintzeaz gain, Noka Ekoizpenaren barruan aurrekontuak doituak osatuko dituzte, Eusko Jaurlaritzaren eta ICAAren zein nazioarteko industria zinematografikoko foro profesionalen laguntzak eskatze aldera. Horrez gain, filmaketekin hasi ahal izateko ekoizpena planifikatzen lagunduko zaie, eta azkenik, pitch profesional bat egingo dute Abycine Lanzan, zinema independentearen profesionalentzako erreferentziazko merkatuan.