Apika Audiovisual Project Lab ekimenak bere laugarren edizioan parte hartuko duten sei proiektuak aurkeztu ditu. Iragan martxoaren 22ra arte egon zen zabalik Arabako Ikuzentzunezko Ekoizle Burujabeen Elkarteak antolatutako laborategiaren deialdia.

Ikus-entzunezko proiektuen garapena optimizatzeko laguntza-tresna izateko xedez sustatu du APIKA – Ikusentzunezko Produktoreen Elkarteak ekimena azken urteotan. Euskadiko ikus-entzunezkoen ekoizleei eta gidoi- zein zuzendaritza-taldeei zuzenduta dago Apika Audiovisual Project LAB 2024 deialdia, beren kalitateagatik eta potentzialagatik hautatutako proiektuentzako mentoretza eta banakako aholkularitza zerbitzuak eskainiko dituzte haren bidez.

Helburua da hautatutako proiektuen garapena indartzea, gidoiaren analisia zein berridazketa landu eta proiektuaren salmenta-dokumentu egoki bat egiteko moduari buruzko ekoizpen estrategiak eta orientazio pertsonalizatuak landuta, ekoizleek proiektu sendoak garatzeko eta aukerak sortzeko gaitasun handiagoa izatea.

Bada, lan dinamika hibrido bat proposatuko dute horretarako, azarora arte luzatu asmo dutena: profesionalek arlo horretan espezializatutako eta aintzatetsitako profesionalen bakarkako mentoretza jasoko dute, eta programa bideokonferentzien bidez zein aurrez aurreko saioen bitartez gauzatuko da.

Otsailean iragarri zuten laugarren edizioa izango denerako deialdia, eta ekoizleek martxoaren 22ra bitartean izan zuten aukera beren proiektuak aurkezteko. Hogeitabat lan jaso dituzte, orotara, eta horien arteko 6 aukeratu dituzte:

  • BEHE KLASEKOAK– Ametza Films
  • EL ROMPEOLAS– Tantak Films
  • IRAILAK 27– Izar Films
  • LLAMADME KHALI– Beatriz De Silva
  • ÓPERA– Monjuïc
  • SUSTRAIAK– La Katxarreria y Platanobolígrafo