EAEko hiriburuan ikus-entzunezko proiektuak garatu eta ekoizteko zein gidoiak idazteko la­guntzak emateko udal programaren deialdi publikoaren eta oinarri arautzaileen berri eman du Gasteizko Udalak. Ekainaren 12ra arte aurkez daitezke eskabideak.

Tokiko ikus-entzunezkoaren sektoreko profesionalen sormena eta jarduna bultzatzea du helburu deialdiak, ikus-entzunezko proiektuen garapena eta ekoizpena sustatzea, alegia. Hiru laguntza-adar berezi dituzte, eta bakoitzaren oinarri eta baldintza propioetara egokitu beharko da eskatzailea:

  • Film luzeen, telesailen eta telesail laburren proiektuak garatzeko laguntzak, izan fikziozkoak, dokumentalak, animaziozkoak edo esperimentalak; betiere, jaialdietan, zinemetan, telebistan edo plataforma digitaletan publikoki emateko xede dutenak (50.000€)
  • Film laburrak (fikziozkoak, dokumentalak, animaziozkoak edo esperimentalak) ekoizteko laguntzak (40.000€)
  • Zinema-gidoiak idazteko laguntzak (10.000€)

Eskaerak aintzat hartzeko, eskatzaileak Gasteizen izan behar ditu egoitza sozial edo fiskalak, eta, eguneraturik izan beharko ditu Gizarte Segurantzarekiko zein Zerga Sistemarekiko betebeharrak. Halaber, laguntza-adarren bateraezintasuna jaso dute oinarriek. Hau da, proiektu berak ezingo ditu ekoizpenerako eta gidoien idazketarako laguntzak eskuratu. Horrez gain, profesional bakoitzak lau proiektu aurkeztu ahalko ditu gehienez, baina pertsona eta mo­dalitate bakoitzeko proiektu bakar batek jaso ahal izango du dirulaguntza. Modalitate berean 2 proiektu edo gehiago aurkezten badira, puntuazio handiena lortzen duen proiektuari emango zaio laguntza, eta gainerako eskabideak ezetsi egingo dira.

Hautaketa-batzordeak ondoko irizpideen arabera egingo du balioespena: proiektu bakoitzaren bideragarritasuna (30 puntu), eragin sozioekonomikoa (10 puntu), gidoiaren kalitatea (30 puntu), finantzaketa plana (10 puntu), ekoiztetxearen, zuzendariaren eta gidoigilearen ibilbidea (10 puntu), jatorrizko euskarazko bertsioa (10 puntu) eta emakumeen parte hartzea hainbat zereginetan (10 puntu). Aurkeztutako proiektuak diru-laguntza jasotzerik izan dezan, gutxienez 50 puntu eskuratu beharko ditu.

20 egun baliodunekoa izango da (ekainaren 12ra artekoa) eskabideak aurkezteko epea, deialdiaren laburpena Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean (ALHAO) argitaratzen den egunaren biharamunetik.

Zuen proiektuak prestatzeko, irakurri aurtengo OINARRIAK.