Ekainaren 17tik 22ra bitartean egingo da aurtengo Donostiako Musika Dokumentalen Jaialdia eta 20 proiekzio, erakusketa bat, mahai-inguruak eta zuzeneko emanaldiak hartuko ditu.
Ekaina bete-betean ospatu ohi den Dock Of the Bay jaialdiko arduradunek hamazazpigarren ekitaldiko xehetasunak argitu dituzte. Hamahiru film luze eta zazpi labur proiektatuko dituzte guztira -mundu mailako hiru estreinaldi, Euskal Herri mailako lau eta nazioarteko bat-; zortzi emakumezko zinemagileenak dira. Emanaldiak Tabakaleran, Principal Antzokian zein Trueba aretoan izango dira, eta Le Bukowskin eta Santa Teresa komentua ere ditu festibalak egoitza.
2024ko sail ofiziala zortzi dokumental luzek –Fernando y Bernarda (Rocío Martin), Generación Lagartija (César Martínez Herrada), Gut (Heiko Lange eta Gudureun Gut), Mogwai: If The Stars Had A Sound (Antony Crook), Naturalesa morta, la història de Sexy Sadie (Toti Garcia eta lluis Prieto), Omar and Cedric: If This Ever Gets Weird (Nicolas Jack Davies), Teaches of Peaches (Philipp Fussenegger) eta This is a Film About the Black Keys (Jeff Dupre)-, eta zazpi laburrek –If the clouds fall Cleo (Julia Mullis), Ressonàncies (d’una música callada) (Xavier Esteban), El camino del ruido (Rodrigo Hardón), Good For The Soul (Dean Chalkley), Punkaren beste aldea (Perlata), Un punk ejemplar (Diandra Arriaga) eta f. (Barranco, el regreso de la Filoxera) (Pol Crosas eta Domenec Miralles)- osatuko dute. Azken hauek saio bateratu batean erakutsiko dituzte, ekainaren 20an, Tabakaleran, zuzendarien aurkezpenarekin.
Aldiz, Perfect Day sail ez lehiakorrean nazioarteko musika dokumental nabarmenenak egongo dira ikusgai. Besteak beste, Franco Battiato eta Cyndi Lauper abeslarien figuretara egindako hurbilketa bana edota 90eko hamarkadako Brooklynera gerturatzeko aukera egongo da.
Film sortaz gozatzeko asmoz, gainera, Dock Of The Bay jaialdiak ibilbide bereziak proposatu ditu aurrenekoz, bost bloketan banatutakoak: biografiak, talde edo musika eszenen historia; musikaren divak; musen jolasa; soinu ikuskariak; pentsatu eta maitatu.
Jarduera osagarriak
Dock Live!-en baitako kontzertuekin batera, bi elkarrizketa saiok eta erakusketa batek osatuko dute egitaraua. Ekainaren 20an, Lo itxurak egiten ari zinen bitartean esan nizuna solasaldian arituko dira Julen Gorosabel, Elena Contreras eta Cris Somavilla; 90eko eta 2000 hamarkadetako mainstream ikonoetatik edaten duten irudi eta narratiba garaikideez solastatzeko eta pentsatzeko gune bat proposatuko dute. Hurrengo egunean, Zer-nola eragin du digitalak zinema dokumentalaren kritikaren birkonfigurazioan? izenpean elkartuko dira Mariona Borrull, María Guerra eta Blanca Martínez.
Berrikuntza gisa, aurten, Janela, leiho ireki bat Gorka Urbizuren sormen unibertsoari erakusketa egongo da ikusgai ere. Gorka Urbizu musikariaren Hasiera bat bakarkako lehen albumaren sorkuntza prozesuari eta lehen emanaldiei zabaldutako “leiho” txiki bat da. Erakusketak Ibai Arrietaren argazkiak eta Alexander Cabeza Trigg zinemagilearen ikus-entzunezko piezak biltzen ditu, baita Kaier bat liburua eta Hasiera bat diskoa ere. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura departamentuarekin lankidetzan egingo da.