Zinzindurrunkarratz-Cineteca-zinea

Hiru saio izango ditu zinemagile iruindarraren ez-fikziozko lanak asteburuan. Gaur eta bihar, ikus-entzuleek Alegriarekin solasteko aukera izango dute gainera.

Oskar Alegria zinemagile iruindarraren Zinzindurrunkarratz (2023) filma Madrilgo Matadero gunean kokatutako Cinetecan egongo da asteburuan ikusgai. Hiru saio izango ditu, eta zuzendariak gaurko eta biharko emanaldiak aurkeztuko ditu. Ostean, ikus-entzuleek Alegriarekin solasean aritzeko aukera izango dute.

Ikus-entzunezko ibilbide poetikoa da Zinzindurrunkarratz, beste garai bateko oroimenez egina: Super-8 formatuan filmatua, “oinez eginiko film bat” da. Zuzendariak, Artazu bere herritik, Paolo astoarekin Andimendira egindako bide poetikoa kontatuko du, ahaztutako edota galdutako memoriaren erakusgarri.

Jada existitzen ez den mundu baten oihartzunak erregistratu ditu Alegriak filmean, soinurik gabeko irudiekin. Eguneroko bat balitz bezala egituratua dago, eta formatu zatikatuak badu zerikusirik filmaren izenburuarekin berarekin ere: haize arin bat (zinzin), leize bertikal bat (durrun-durrun) eta tximistek kolpatutako gailur bat (kurrutz-karratz). Bada, horietatik igaroko da zuzendari iruindarra Paolo astoarekin, eta horietan hautemandakoaren emaitza da Zinzindurrunkarratz.

KRITIKA | ZINZINDURRUNKARRATZ: Kamera isil baten memoria bisuala

SEMINCIn – Valladolideko Nazioarteko Zinemaren Astean abiatu zuen filmak aurkezpen ibilbidea, dokumental onenaren Gran Premio DOC saria irabazita. Ostean, Florentzian eta New Yorken saritua  izateaz gain, Festival du Cinéma Espagnol de Nantes jaialdiko Film Dokumental Onena izendatu dute. Baionako 20. Rencontres sur les docks-en eta Bilboko Gutun Zuria – Letren Nazioarteko Jaialdiaren programazioaren baitan ere egon da ikusgai.

Jarraian dituzue Madrilgo Cineteca zinema aretoko saioak:

  • Maiatzak 24 (20:30) | Oskar Alegriaren aurkezpenarekin. Ostean solasaldia
  • Maiatzak 25 (20:30) | Oskar Alegriaren aurkezpenarekin. Ostean solasaldia
  • Maiatzak 26 (20:30)