Paul Urkijoren film epikoa Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoako zinema geletan estreinatu da. Ekaina bitartean hainbat saio izango ditu.

Irati filma kartela-zinea

Sitgesko Fantasia eta Beldurrezko Zinemaldian aurkeztu eta saridun izan ostean, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean sari nagusia errepikatzen historiako lehen euskal zinemagilea bilakatu zen Paul Urkijo iragan urtean, bere proiektua Iratiko basoa bezain handi badela erakutsiz. Iragan otsailean, azkenik, zinema aretoetara iritsi zen Irati filma.

Zuzendari arabarraren bigarren film luzeak euskal mitologia ardatz duen ekoizpen epikoa pantaila handian ikustera erakarri zituen Hego Euskal Herriko ikus-entzuleak. 30 kopia izan zituen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta asteburuko film ikusiena bilakatu zen. Ez hori bakarrik, euskarazko film batek inoiz izan duen estreinaldirik arrakastatsuena izan zen, eta espainiar lurraldean ere lehen hamar film ikusienen artean sartzea lortu zuen.

Europako zinema jaialdietan ibilbidea egin ostean, Latinoamerikako zenbait hitzordutan parte hartu du Irati-k, eta iragan astetik aurrera Ipar Euskal Herrian ere dago ikusgai.

Jarraian dituzue datozen egunotako emanaldiak:

Donibane Lohitzune – Cinéma Le Select

  • Maiatzak 25 (18:30)
  • Maiatzak 26 (19:45)
  • Maiatzak 28 (17:30)

Getaria – Getari Enea

  • Maiatzak 24 (20:30)
  • Maiatzak 26 (18:30)

Hendaia – Cinéma Les Variétes

  • Maiatzak 28 (18:00)
  • Ekainak 1 (20:30)

Kanbo – Cinéma l’Aiglon

  • Maiatzak 24 (20:30)
  • Maiatzak 26 (18:00)

Donapaleu – Cinéma Saint-Louis

  • Maiatzak 26 (18:30)
  • Maiatzak 27 (21:00)
  • Ekainak 1 (21:00)
  • Ekainak 2 (15:00)
  • Ekainak 4 (21:00)

Maule – Cinéma Maule-Baitha

  • Maiatzak 25 (21:00)
  • Maiatzak 28 (20:30)
  • Maiatzak 30 (18:00)
  • Ekainak 1 (21:00)

Filmaren nondik norakoak

VIII. mendea. Kristautasuna hedatzen ari da Europan, eta sinesmen paganoak desagertzen. Frankoen erasoaldiaren ondoren, Karlomagnoren armada Pirinioak zeharkatzera doala, ibarreko jaunak laguntza eskatuko dio antzinako jainkosa bati. Bizitza ematea suposatuko dion odolezko itun baten bitartez, etsaia garaitzea lortuko, baina lehenago, Eneko semeari hitz emanarizko dio bere herria babestu eta gidatuko duela aro berrian.

Urte batzuk beranduago, helburu zehatz batekin egingo dio aurre Enekok promesa hari: aitaren gorpua berreskuratu beharko du, Karlomagnoren altxorrarekin batera modu paganoan lurperatuta dagoena. Kristau fedekoa izanik, Enekok ibarreko pagano baten laguntza beharko du, Irati deituriko emakume enigmatiko bat.  Bi gazteak oihan bitxi eta ilun batean murgilduko dira: bertan, diotenez, “izena duen guztia bada”.

KRITIKA | IRATI: Euskal kondairen lurraldea

Euskaraz errodatuta, Eneko Sagardoy eta Edurne Azkarate jarri ditu Urkijok bikote protagonistaren azaletan, eta Iñigo Aranbarrik, Elena Urizek, Iñaki Beraetxek, Ramon Agirrek, Kepa Errastik eta Itziar Ituñok osatu dute aktore-zerrenda. Ikusgarri Films, Bainet eta Kilima Media ekoiztetxeek babestu dute proiektua, eta izen ezagunak ageri dira ere talde-teknikoa osatzen duten profesionalen artean: Gorka Lazkano –Errementari filmean ere aritutakoa- da ekoizpenaren euskara arduraduna; Gorka Gomezek jardun du argazki-zuzendari lanetan; eta Akelarre (2020) filmerako sortutako doinu bikainei esker Goya saria irabazi zuten Arantzazu Calleja eta Maite Arroitajauregik idatzi dute musika.

Halaber, VFXak Alive VFX taldeak egin ditu, David Herasen gidaritzapean; efektu bereziak, Drama FXk, Jon Serranoren gidaritzapean; eta makillajea, Pedro Rodríguez “Pedrati”-ren lana izan da.

RTVE eta EiTBren partaidetza du ekoizpenak, eta Filmax arduratu da banaketa-lanak egiteaz.