errodatzen

Egoera berrien aurrean sortzen diren beldur eta zalantzetara egokitzeari buruzko hausnarketa dakar lanak. Edurne Azkarate eta Unax Hayden dira aktore nagusiak.

Bidean bere film labur berrienaren errodajea bukatu du Imanol G. Gurrutxagak, eta lan-taldeak martxan du dagoeneko post-produkzio fasea. XX. mende hasieran girotuta dago istorioa, eta Edurne Azkarate eta Unax Hayden ditu protagonista.

Ondokoa kontatuko du: 1905. Jakes (12 urte) basoan barrena galdu da bere etxetik urrun. Eskuetan piku bat du eta arropak odolez zikinak ditu. Bidean, Amaia (27 urte) agertu eta etxera gonbidatuko du aterpea eskainiz. Bien elkartze honek Jakes bere beldurrak gainditzera eramango du.

Proiektuaren arduradunek azaldu dutenez, “finean egokitzeari buruz” hitz egiten du filmak: “Egoera berrien aurrean sortzen diren beldur eta zalantza guztiak, mundu berri bat zabaldu berri zaion ume baten begietatik ikusita”.

Korima Films eta IGG Ekoizpenak ekoiztetxeen lana da Bidean, eta Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza jaso du. Behin postprodukzio fasea bukatuta zinema jaialdietara bidaliko dute, eta aurreratu dutenez, “zuzendariaren azken lanek –Ezusteko talka (2018), Nigandik (2021)- lortu duten ibilbide berbera berreskuratzeaz gain, urrunago joatea” da beraien asmoa.

Film laburra lan-taldearekin ikuskatzeko estreinaldi pribatu bat egingo dutela aurreratu dute, gonbidatuak ere izango dituena.