Dom Campistron artista nafarrak diseinatu du “indar bisual handiko ilustrazioa”. Aitortu duenez, zinema-areto batean etorri zitzaion inspirazioa.

zinegoak-2024-kartela-zinea.jpg

Hilabete eskas barru ospatuko dute Zinegoak – Bilboko LGTBIQ+ Zine eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren 21. edizioa, eta itxaronaldia arintzeko asmoz, kartel nagusia ezagutarazi dute: markatutako trazuaren eta kolore-blokeen bidez, jaialdiak 2024ko edizio honetan aldarrikatzen duen “queer utopiaren ideia gorpuzten duten bi pertsona” ageri dira bertan.

Dom Campistron (Aldude, 1994) artista nafarra arduratu da “indar bisual handiko ilustrazioa” sortzeaz, eta LGTBIQ+ kolektiboaren parte izateak dakartzan konplexutasunak zuzenean ezagutzen dituelarik, bizipen guztiak bere “sormenaren zerbitzura” jarri ditu, “irudimen bisual bizia, eta oso indartsua sortzeko”.

Zinema-areto batean etorri zitzaion artistari kartelaren diseinuaren inspirazioa, eta honela azaldu du: “Lerroa egiten duzu zinemara sartzeko. Gaua emeki-emeki sartzen ari da eta aitzinekoak itzuli dira zuri begiratzeko. Eta zein ederrak atzematen dituzun aitzineko horiek. Berdin, nahiko zinuke haiek bezala izan: aske”.

Ekainaren 24tik uztailaren 1era bitartean gauzatuko da 2024ko Zinegoak jaialdia, eta kartelaren diseinuak aurki ezagutaraziko duten egitarauaren energiarekin bat egingo duela aurreratu du Alaitz Arenazana zuzendari artistikoak: “Norberak bere burua eraikitzeko eta adierazteko askatasunaren ideian sakontzen jarraitu nahi genuen, eta berezitasun hori oinarria izan zedila askotariko pertsonez betetako gizarte berri bat eraikitzeko, munduan egoteko modu berriak asmatzeko antolatzen, biltzen eta sareak ehuntzen baitira”.