Tabakalerak eta Europa Creativa Desk MEDIA Euskadik elkarlanean antolatuta, ikus-entzunezkoaren profesionalak kazetariekin eta algoritmoekin nola harremandu ezagutzeko eta horretarako bideak arakatzeko prentsa lantegia eskainiko dute Maria Guerrak eta Mariaje Gonzalezek. Datorren ekainaren 20an egingo dute saioa, Tabakaleran bertan.

Urte hasieratik ikus-entzunezko alorreko prestakuntza-tailerrak eskaintzen ari da Europa Creativa Desk MEDIA Euskadi, Tabakalera – Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroarekin lankidetzan. Hain zuzen, otsailetik ekainera bitarteko lau lantegi zehaztu dituzte, urteko lehen seihilekoaren eskaintza osatzeko.

Bada, laugarren hitzordua litzateke honakoa, zinema-jaialdietan edo merkatuetan prentsaren eta artistaren arteko harreman egokiak edukitzeko bideak lantzeko xedea duenaMaria Guerrak eta Mariaje Gonzalezek errealitate konplexu eta hiperkonektatu batean mugitzeko tresnak eskainiko dituzte, helburu hauekin: zer komunikatu komunikabideei, nola komunikatu zure proiektua eta nola kontrolatu presentzia eta identitate digitala. Kasu zehatzetan oinarrituko da saioa, jardunbide egokiko kasuak aztertuz eta estatuan eta nazioartean komunikazio-arrakastako profilak aurkeztuz.

Profesional trebatuen gidaritza

Maria Guerra kazetaria da. The StoryLab-ek ekoitzitako ‘La Script’ zinemako eta telesailetako podcastaren zuzendaria da, ikus-entzunezko industriako pertsonaia nagusiei egindako elkarrizketa programa. 26 urte eman ditu Cadena Ser irratian lanean (1993-2018), eta 2011n ‘La Script’ sortu zuen. Ondoren, Movistar+ katean eman zuten. 1993az geroztik, nazioarteko jaialdien jarraipena egin du (Cannes, Venezia, Donostia), eta Oscar sarien galak, Urrezko Globoak eta Goyako galak gidatu ditu irratirako, eta baita Movistar+ plataformarako ere. Feroz zinema eta telesailen sariak banatzen dituen Espainiako Zinemako Informatzaileen Elkarteko presidentea da egun.

Mariaje Gonzalez Flor kazetaria da ere, eduki digitaletan aditua. Zinemako kazetari gisa lan egin du hamarkada luzez. Era berean, 20 urte baino gehiago daramatza esparru digitalean edukiak sortzen eta kudeatzen, horietatik 10 Microsoft News-en, lehenengo argitalpen atalean eta ondoren Espainiako monetizazio arduradun gisa. Orain, Criteriomil zuzentzen du, hezkuntza digitaleko bere proiektua, prestakuntzak, hitzaldiak eta aholkularitza-zerbitzuak eskaintzen dituena. UNESCOren eta Alianza MILen idazkari nagusia ere bada.

Hitzordua eta izen-ematea

Arestian aipatu bezala, datorren ekainaren 20an egingo dute saioa, 10:00etatik 14:00etara, Tabakalerako 2deo laborategian. Saio irekia izango da, baina parte-hartu nahi dutenek esteka honetan eman beharko dute izena.