Egin Irratiko aurkezle izandakoa eta GARA zein NAIZ atarietako kolaboratzailea atzo hil zen, 59 urterekin. Hain zuzen ere, NAIZ atariak eman du albistearen berri.
Jaiotzez bilbotarra baina urte luzez Zumaian bizi izan den Koldo Landaluze kazetaria zendu da, 59 urterekin. NAIZ atariak jakinarazi du gaur albistea, azken urteotan etxe izan duen hedabideak. Baltasar Garzón epaileak itxiarazi zuen Egin egunkariari lotuta ezagutu izan dute askok Landaluze, non kultur gaiak jorratzen zituen batez ere. Besteak beste, Egin Irratiko aurkezle izan zen, eta zinemari buruzko saioa gidatzen zuen bertan.
Azken urteotan GARA egunkaria eta NAIZ atari digitala izan ditu bere hitzak, iruzkinak eta ikusmira plazaratzeko habi; film eta telesailek kritikak, jaialdien jarraipenak, eta orokorrean, ikus-entzunezko arloarekin zerikusia duten edukiak irakurri dizkiogu astero-astero. Bada, hain zuzen ere, NAIZ bidez ezagutu da kazetariaren heriotza.
Idazlea eta ilustratzailea ere izan da Landaluze. 1997an idatzi zuen bere lehen eleberria, 1910ean Enkarterrietan meatzariek egin zuten greban girotutako Días de Barrena. Ostean etorri dira Crónicas de pirata, corsarios y filibusteros (2008) -berak propio ilustratutakoa-, Las hogueras del reino (2009) edota Los perros del rey (2015). Bestetik, haren trazuaren adibide dugu Nagore Belastegiren Zirriborroak. Kontatu behar ez nituenak (2023) ipuin liburuan jasotakoa.