Dock Live! programazioaren baitan Diego Vasallok eta Kokoshcak bere lan berrienak aurkeztuko dituzte Donostian. Azken honen ikuskizunean bere unibertsoaren parte diren filmen sekuentziak proiektatuko dira ere.

dock of the bay-zinea

Ekainaren 17tik 22ra ospatuko da Dock Of The Bay – Musika Dokumentalen Donostiako Jaialdiaren hamazazpigarren edizioa, eta ohi bezala, zinema emanaldiez gain, bestelako jarduerak hartuko ditu. Festibalaren esentziari ohore eginez, Kutxa Fundazioarekin eta beste kolektibo batzuekin lankidetzan, musika kontzertuek hiria girotuko dute.

Diego Vasallo donostiarrak Malo ni bueno bere hamargarren diskoa aurkeztuko du ekainaren 19an. Aitortu duenez, bertan, ‘soinu-paisaiak ertzetara begira daude, rockaren ubide estuenetatik irten nahian, batzuetan, hortzak erakusteko eta, beste batzuetan, lirismo urratu, istildu, anbiguo baten marea ilunetan kulunkatzeko. Betaurreko zikinekin atzera begiratzea bezala’. Hitzordua 21:00etan izango da, Kutxa Fundzioa Kluba aretoan.

Hurrengo egunean, toki eta ordu berean,  Kokoshca indie taldeak emanaldi berezia eskainiko du bere kantu arrakastatsuenak errepasatuz. De raíz lana aurkeztuko dute ere, eta Kokoshca unibertsoaren parte diren filmen sekuentziak proiektatuko dira ikuskizunean.

Aldiz, hilaren 21ean, Gastro Reggae Party festa girotuko dute Kaleb (Helsinki) eta Jack TNT (Bartzelona) DJek eta Reggae Got Soul kolektiboak. Gastronomiazko Euskal Anaiartean izango da, 20:00etatik aurrera. Azkenik, jaialdiaren 17. edizioari bukaera emateko Bukowski tabernan bilduko dira ekainaren 22an, gauerditik aurrera.