Brainwashed: Sex-Camera-Power (Nina Menkes, 2022) filma egongo da gaur ikusgai, Doku-Mental zikloaren baitan. Emakumeen aurkako abusua eta diskriminazioa eragiten duen ikuspegi desitxuratuaz hausnartuko du lanak, eta emanaldiaren ostean, Zuriñe Lopez de Sabando Sainz ekoizleak hitza hartuko du.

Orbain kultur elkartea-maiatzak 21-zineaBerak propio emandako Sex and Power: the Hidden Language of Cinema hitzaldi goraipatuan oinarrituta, Nina Menkes zinemagile estatubatuar independenteak Brainwashed: Sex-Camera-Power dokumentala ondu zuen 2022an, non 1896tik 2020ra bitarteko 80 film baino gehiagotako enkoadraketak aztertu zituen. Zinema egiteko moduaz eta emakumeen aurkako sexu abusu eta erasoak zein lan-diskriminazioaren epidemiaz hausnartu zuen bertan, kamera mugimendiak, muntaiak eta lehen planoak zineman eta bortxaketaren kulturan emakumeen sexualizazioa nola sustatu duten disekzionatuz.

Bada, gaur bertan, dokumentala ikusgai izango da Gasteizko Orbain Kultur Elkartearen egoitzan. Doku-Mental zikloaren egitarauan barneratuta, 19:00etan pantailaratuko dute, eta ostean, Zuriñe Lopez de Sabando Sainz ekoizleak hitza hartuko du. Huts Laborategia ekoiztetxearen sortzaileetako bat da, eta bere filmografiaren parte dira, esaterako, Genoma (2019), Hezkuntza salgai (2018), Surgere (2012) edota Sensaciones cromáticas (2010).

Sundanceko Zinema Jaialdian parte hartu zuen Brainwashed: Sex-Camera-Power dokumentalak 2022an, eta psikologoek, zinema zuzendariek, unibertsitateko irakasleek eta industriaren biktima izan diren aktoreen testigantzak jasotzen ditu, hala nola Rossana Arquettenak, bere garaian Harvey Weinstein ekoizlea sexu-jazarpenagatik salatu zuen emakumeetako batenak.

Laura Mulvey teoriko ezagunaren testuak oinarrian, Menkesek ikus-entzunezko obran bilakatu du emakumeen errepresentazio zinematografikoaren tesia: “Aktoreei oso modu ezberdinean filmatzen zaie. Adibidez, sexu-eszenetan emakumeen gorputza zatikatuta agertzen da, bularren, izterren, aurpegiaren eta bizkarraren plano txikiak ikusten ditugu. Gainera, kamera mugitzen ari da emakumearen gorputzean, ikuslearen begirada gorputz biluzi eta sexualizatu horretatik eramateko. Gizona biluzik agertzen denean, beti gauzak egingo ditu. Gauzak egingo dituzte, aktiboak dira. Neskak, beraz, begiradak jasoko dituzte, pasiboak dira, biluziak ikusiak izateko. Berdin dio filmaren garaia, istorioa eta planoa errepikatu egiten dira. Hori da guztiaren gakoa. Emakumea objektu bat bezala, gizona subjektu bat bezala. Gizonentzat, akziozko eszenak. Emakumeentzat, modaren industriak agintzen dituen edertasun-kanonak bete behar dituen gorputz batean gehiago irudikatzea”.