Limbo-Ozzinema-zinea

Ben Sharrock zinemagile eskoziarraren eta Irune Gurtubai ekoizle euskaldunaren Limbo (2020) filma ikusgai izango da maiatzaren 23an, Niessen Zinemak aretoan. 19:00etan hasiko da emanaldia, eta  sarrera doan da.

Kultura Aniztasunaren Nazioarteko Egunaren harira, Errenterian 11 Kolore jaialdia antolatu ohi dute herrian urtero: “Errenteria kulturanitza dela ez dago dudarik, eta horrenbestez, jardunaldi hauen filosofia horixe da: guztiok bat egitea, partekatzea, elkar ezagutzea eta gure bizilagunengandik gertuago sentitzea, hain zuzen ere!”. Maiatzaren 15ean hasi zituzten IX. edizioko jarduerak, eta 29ra arte luzatuko dira. Tartean, hilaren 23an, zinema emanaldi berezia proposatuko dute.

Ozzinema zineklubarekin elkarlanean, Ben Sharrock zinemagile eskoziarraren eta Irune Gurtubai ekoizle euskaldunaren Limbo (2020) filma eskainiko dute, 19:00etan hasita. Sarrera doan da eta sarrerak.errenteria.eus webgunean edota Lekuona Fabrikan eskuratu daitezke.

Sharrocken estilo pertsonalean, Omar, Farhad, Walef eta Abedi errefuxiatuek Eskoziako uharte isolatu batean, asilo-eskaeraren zain, egin beharko dute egonaldia du hizpide filmak. Komediaren eta dramaren arteko orekan, errefuxiatuen gatazka azaleratuko du proposamenak, humanismotik eta umore atseginetik, drama mingarrietatik aldenduz. Sistemaren absurdoak eragindako egoerek, ekintza aldetik eskasa den filma jantziko dute, pertsonaietan barneratuz eta haien gogoetak partekatuz.

KRITIKA | Limbo (Ben Sharrock, 2020)

Cannesen zigilua eskuratu zuen 2020an ikus-entzunezkoak, eta handik Torontoko zinema jaialdi entzutetsura zein Donostia Zinemaldira egin zuen jauzi; Zuzendari Berriak sailera. Zurichen, Londresen, Macaon, Kairon, Goteborgen, Glasgowen eta Dublinen hartu du parte ordutik, eta Erresuma Batuan eta Irlandan ere estreinatu dute. Irune Gurtubai elorrioarrak, gainera, ekoizle berri onenaren garaikurra jaso zuen British Independent Film Awards sarietan.

ZINEAn Ben Sharrock zinemagileari eta Irune Gurtubai ekoizleri egin genien elkarrizketa duzue jarraian ikusgai: