Gipuzkoako Afrika Behar Beharrezkoa erakundeak antolatuta, Donostiako Udaleko Lankidetza sailaren babespean, Vuta N’Kuvute / Tug of War (Amil Shivji, 2021) eta Mon père, le Diable (Ellie Foumbi, 2021) filmak pantailaratuko dituzte hilaren 21ean eta 23an, hurrenez hurren. Saioak 19:00etan hasiko dira.
Maiatzaren 25ean ospatu ohi den Afrikaren Nazioarteko Egunaren harira, hainbat ekimen eta jarduera antolatzen ari dira aste honetan Euskal Herrian, tartean zinema emanaldiak. Donostian, esaterako, bi film pantailaratuko dituzte Trueba aretoan; saioen aurretik aurkezpena egongo da, eta ostean, solasaldia.
Gipuzkoako Afrika Behar Beharrezkoa erakundearen eskutik (ACPP, Proclade Yanapay eta TAU Fundazioa) eta Donostiako Udaleko Lankidetza sailak babestuta, arrazakeriaren aurkako bakarrizketa batek, irakurketa klubak, argazki erakusketek, tailerrek, musika eta dantza ikuskizunek eta zinema emanaldiek osatuko dute egitaraua, ekainaren 22ra bitartean luzatuko dena.
Gaur bertan, Afrikako Zinema Zikloari ekingo diote hirian. Vuta N’Kuvute / Tug of War (Amil Shivji, 2021) film tanzaniarra egongo da ikusgai, eta Beatriz Leal ikertzaile, irakasle, kritikari eta programatzaile independentea izango da gonbidatua; Afrika, Europa eta Ekialde Hurbileko arte eta zine garaikideetan aditua da. Filmak ezkontza itundu zapaltzaile batetik ihes egiten duen india-zanzibari gazte batekin harremana duen gazte iraultzaile bat du protagonista.
Hilaren 23an, aldiz, Mon père, le Diable (Ellie Foumbi, 2021) ekoizpen estatubatuarra pantailaratuko dute. Frantziako hegoaldeko mendietako herri lasai batean bizi den errefuxiatu afrikar baten istorioa kontatuko du. Apaiz katoliko bat iristean nahastu egingo da egoera, iraganetik ezagutzen baitu. Javier Usoz historialari eta idazlea bertaratuko da emanaldira.
Bi saioak 19:00etan hasiko dira, eta sarrerak SADE enpresaren webgunean eskuratu daitezke.