Montehermoso Kulturuneak musika eta ikus-entzunezkoak batuko dituen Rock on top programa jarriko du abian hirugarrenez. Arabar hiriburuan ospatzekoa den 2024ko Azkena Rock jaialdia izango dute oinarri programazioaren baitan eskainiko diren “rockumentalek”.

Rockumentala edo dokumental musikala zinemaren industrian ospe handiko generoa da eta gero eta presentzia handiagoa du nazioarteko jaialdi garrantzitsuetan. Musikarien bizitza, zineari eta ikus-entzunezko beste baliabide batzuei interesatu izan zaie betidanik, bai fikziotik, bai dokumentaletik helduta, eta horretan sinisten dute ere zikloaren antolatzaileek.

Hain zuzen, generoaren haritik tiraka, eta 2024ko Azkena Rock jaialdiko kartelean ageri diren artistetako batzuk oinarri hartuta, Rock On Top izeneko zikloaren hirugarren edizioa atondu dute. “Ziklo hau publikoa ikuspegi zinematografiko batetik abiatuta bere rock izar gogokoenen bizitzara hurbiltzeko asmoz sortu zen. Horretarako, Zinhezba elkarteko Helena González izango dugu gurekin, eta bera arduratuko da proposatutako dokumental bakoitzaren aurkezpena egiteaz”, adierazi zuyen Sonia Díaz de Corcuerak, Gasteizko Kultura eta Hezkuntza zinegotziak, ekimenaren aurkezpen agerraldiak.

Proiekzioak 19:00etan izango dira, maiatzaren 29an eta ekainaren 5, 12 eta 18an, Montehermoso Kulturuneko Ortuño aretoan. Sarbidea doakoa izango da, baina gonbidapen bidezkoa; horiek, Entradium plataforman eskuratu ahal dira jada.

  • Maiatzak 29 | THE SWELL SEASON (2011)
  • Ekainak 5 | BORN INNOCENT: THE REDD KROSS STORY (2024)
  • Ekainak 12 | MAVIS! (2015)
  • Ekainak 18 | L7: PRETEND WE ARE DEAD (2016)

Gainera, ekainaren 19an, asteazkenean, Azkena jaialdiaren bezperan, Ortuño aretoan bertan, mahai-ingurua egingo da Rocka musika herrikoi garaikidean: sua edo errautsak? izenburupean. Halaber, ekainaren 23ra bitartean,  100 diska bisitatu ahalko da Montehermoson ere bai, binilozko 100 disko baino gehiagoren azaletan oinarrituta, 60ko eta 90eko hamarkaden arteko euskal musika zeharkatuko duen erakusketa.