Zinemagile berriei zuzenduta dago deialdia, eta aukeratutako sortzaileek bi asteko egonaldia egingo dute Oltzako Jauregian. Ostean, sei hilabetez, proiektuok garatu beharko dituzte 2025eko Punto de Vista jaialdian aurkezteko helburuz.

EL VIAJE DE TECKEL (Víctor Cervantes), EL PALOMITO (Jacquelinne Padilla eta Manuel Acuña) eta (NO) SÓLO ES CUESTIÓN DE TIEMPO (Daniela Reyes eta Martha Ceballos) proiektuek eskuratu dute Doklab Navarra saria DocsBarcelona, DocsMX eta Kolonbiako Kulturen Ministerioaren 2024ko Ekoizleen Nazioarteko Topaketan. Horri esker,  dokumentalista berrien ahotsak bildu, esploratu eta audientzia globalari helarazteko asmoa duen Doklab formakuntza programan parte-hartzeko aukera izango dute.

Izan ere, bi edizioren ostean, egonkortuta aurkeztu dute ekimenaren hirugarren aldia. Espainiar lurraldeko eta Latinoamerikako zinemagile berriei zuzenduta dago bereziki, dokumentalgintzaren indarra eta balioa ulertzen eta sinesten dutenei espresuki. Izen-ematea webgunetik bertatik egin behar da, ekainaren 15a baino lehen, eta aurre aukeraketa astebeteren bueltan iragarriko dute. Horien arduradunek (pertsona batek edo bik osatuta) berehala eskatutako dokumentazioa bidali beharko dute. Ondoren, behin betiko hautatuen berri emango dute.

Programaren hiru faseak

Sortzaileak Oltzako Jauregia izango dute egoitza 2024ko irailaren 2tik 15era bitartean, eta banakako logela (5.000 euro) edota partekatua (3.000 euro gela bikoitzean; 2.500 euro laukoitzean) izan nahi duten aukeratu beharko dute. Egonaldian proiekzioak, tailerrak, topaketak eta beste hainbat jarduera izango dituzte.

Bigarren fasean, sortzaileek sei hilabetez, proiektuok garatu beharko dituzte, eta horien online jarraipena egingo dute sektoreko profesionalek. Azkenik, Punto de Vista jaialdiaren 2025eko edizioaren baitan egin beharko duten pitching saioak emango dio bukaera.

Xehetasun gehiago, hemen.

Online bidezko informazio saioa

Bestalde, zabalik dagoen deialdiari begira, online bidezko hiru informazio-saio eskainiko dituzte, xehetasun guztiak argitzeko. Saio hauek asteazkenetan izango dira: maiatzaren 22an,11:00etan, maiatzaren 29an, 19:00etan, eta ekainaren 5ean 19:00etan.

Esteka honen bidez edo Doklab Navarra egitasmoaren webgunetik konekta daiteke horietara.