‘Aldatu gidoia euskararen alde’ lelopean, mobilizazioa burutu dute Gasteizen asteburuan. Ehunka euskaltzalek eta 37 eragilek babestu dute, euskarazko kultura, sorkuntza eta ikus-entzunezkoen alde, eta euskaran ardaztutako Euskal Irrati-Telebistaren alde.

Gasteizen egindako agerraldi arrakastatsuan aurkeztu zuten 2023ko irailean Aldatu gidoia! eskaerarekin lotutako ekimena. EITBk azken urteetan hartu duen norabidearekin arduratuta agertu ziren bertan parte-hartu zuten ordezkariak, bai eta aldarria babestu zuten gainerako eragileak ere: “Ukaezina da kulturak herri kohesiorako duen garrantzia. Eztabaidaezina ikus-entzunezkoek iruditeria kolektiboa sortzeko eta hizkuntza normalizatzeko duten garrantzia. Hala, kezkaz ikusten dugu Eusko Jaurlaritzak ez duela euskarazko kulturaren eta euskarazko ikus-entzunezkoen alde behar beste egiten. Jaurlaritzaren ikus-entzunezkoetako politikek euskara zokoratzea ekarri dute, euskaldunon hizkuntzak eskubideak ez direlarik bermatzen” azaldu zuten. Era berean,  Euskal Irrati-Telebista publikoak sorrerako helburuak baztertu dituenaren kezka ere agertu zuten: “Espainiar markoa gailendu da guztiz. Ondorioz, gaztelerak eta gaztelerazko telebista-irratiek hartu dute erreferentzialtasuna eta prestigioa euskaldunon artean eta gizartean, euskara eta euskarazko telebista eta irratiak bigarren mailan edo bazterrean geratu direlarik”.  Manifestuaren sinatzaileen aburuz, “hanka-sartze larria” da hori hizkuntza-normalizazioaren ikuspegitik; “Hizkuntzarentzat zerbait estrategikorik bada, Euskal Telebista Indartsua izatea da”.

Bi hilabeteren bueltan, azaroan, agerraldia egin zuten Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean. Legebiltzarkideei kanpainaren aldarrikapenak ezagutzera eman zizkieten eta 2024ko Eusko Jaurlaritzako kultura politiketan eta aurrekontuetan eskariak aintzat har ditzaten eskatu zieten. Hala, denbora honetan talde eta norbanako ugarik egin dute bat kanpainarekin, eta horietako asko bildu ziren Altsasun maiatzaren 18rako deitua zegoen mobilizazioaren berri emateko agerraldian: ELA, LAB eta Steilas sindikatuak, Euskalgintzaren Kontseiluak, UEMAk, Euskal Herrian Euskaraz mugimenduak, AEK-ak, Ikastolen Elkarteak, Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak, LANARTEA Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak eta askotariko talde eta eragile euskaltzale beste hainbatek.

Euskarazko telebistaren sorrerako “ilusioa eta asmoa” berreskuratzeko beharra aldarrikatu zuten Iortia Kulturgunean egindako agerraldian, “berpiztu dezagun euskaran ardaztutako Euskal Irrati-Telebistaren beharraren kontzientzia. Eta eska diezaiogun Eusko Jaurlaritzari kultura politiketan, EITBn eta EITBz harago, zineman eta plataformetan euskara erdigunean jartzeko”. Era berean, kultura eta ikus-entzunezko edukiek norbanakoaren garapenean, identitate kolektiboan eta gizarte kohesioan duten garrantzia nabarmendu zuten, eta horren aurrean “estrategikoa” dela eskaintza zabal eta erakargarria bermatzea. Hala, “kezkagarria” deritzote Eusko Jaurlaritzak horren baliabide gutxi bideratzea.

Bada, Gasteizen bildu ziren guztiak larunbatean ospatu zen mobilizazioan. 17:30ean abiatu zen manifestazioa Arabar hiriburuko Foru Plazatik eta, bertan, “euskara erdigunean” jar dezaten eskatu zieten Eusko Jaurlaritza zein EITBri: “«Euskarak aurrera egin dezan, euskarazko kultur eta ikus-entzunezko eskaintza zabala, duina eta kalitatezkoa behar dugu euskaldunok. Eta horretarako, ezinbestekoa da erakunde publikoek apustu irmoa eta inbertsio handiagoa egitea”. Ehunka euskaltzale bildu zituen hitzorduak, eta kanpainarekin bat egin duten 37 eragileetako zenbait ordezkarik hartu zuten hitza amaieran.

Hala, Aintzane Irazusta, Maialen Kortabarria eta Estitxu Fernandez aritu ziren ekitaldiaren aurkezle lanetan; Iñaki Viñasprek jarri zituen bertsoak; Euskal Irrati-Telebistari buruzko interbentzioan, Elixabete Garmendia eta Aritz Ganboa aritu ziren solasean, eta LANARTEAko Miel Anjel Elustondok hartu zuen hitza euskarazko sortzaileen izenean. Iraia Elias eta Itziar Diez de Ultzurrun izan ziren ordezkariak euskarazko ekoizpena eta bikoizketari buruzko hitzartzean; Dorleta Kortazarren eskutik entzun ziren haurrentzako ipuinen ingurukoak; eta Xabi San Sebastianek ipini zizkion doinuak ekitaldiari.

Oro har, pozik agertu dira antolatzaileak mobilizazioaren emaitzarekin, eta “mugimendu indartsu eta konprometitu baten” hasiera besterik ez dela aurreratu dute.