Marina Lameiro, Peru Galbete eta Xavier Erkizia zinemagile nafarrak izango dira esperimentazioa, pentsamendua eta arte diziplinen gurutzaketa uztartzen dituen 2024ko Iruñeko Topaketen Eskolako sortzaile gonbidatuen artean. Nafarroako 17 ikastetxerekin elkarlanean garatuko da programa.

Iruñeko Topaketen Eskola esperimentazioa, pentsamendua eta diziplina artistikoen gurutzaketa uztartzen dituen hezkuntza-gunea da, haur eta gazteei arreta ematen diena. Bada, lehenengoz antolatu duten eskola-ekimen honek ikastetxeei koordinazio-taldeek eta artistek diseinaturiko tailerrak egiteko aukera eskaintzeko xedea du, 2024ko Iruñeko Topaketen ildo kuratorialei lotuta.

Bada, Marina Lameiro, Xabier Erkizia eta Peru Galbete zinemagile naparrak izango dira sortzaile gonbidatuetako batzuk -haiek arduratu dira ere beren arte-disziplinatik abiatuta eskainiko dituzten lantegiak diseinatzeaz-, eta Nafarroako hamazazpi ikastetxeetara hurbilduko dira apiriletik irailera bitartean.

Konturatu gabe ere, argazkiak bata bestearen segidan jartzen gabiltza bideo bat grabatzean, segundu bat 25 irudi finkoz osatzen da normalean. Azken finean mugimendua gelditasun ezberdinak elkartuz sortzen da eta hau, eguneroko bizitzan ere gertatu daiteke, iraganeko oroitzapen bat irudi formatuan datorkigu, denborarekin fotograma batzuk galdu izan balitu bezala. Argazki batek denbora gelditzen du eta beraz izan daiteke lehen, orain edo gero, dena aldi berean.

Bideo bat mugimenduan dagoen irudi bat bada, argazki bat geldirik dagoen bideo bat izan daiteke. Ideia hau baliatuko dugu sortuko dugun filma kolektiboak eskola eta bertako ikasleak beraien artean gehiago ezagutzeko (baina batez ere sormen lan baten prozesua partekatuko dugu) hasieratik bukaerara, elkarrekin eta kuriositatetik ikasiz. Bakoitzak objektu, kantu, ipuin, marrazki edo argazki bat ekarriko du, oroitzapen bati lotua. Adibidez, harri berezi bat, lo-kanta bat, argazki bat (familiarra, animalia batena, leku batena…).

Lantegi honetan soinuekin pelikulak egiten eta irudiak soinuz janzten ikasiko dugu. Oro har, hitzen eta irudien bidez istorioak nola kontatu irakatsi digute, berdin komikietatik, liburuetatik, telebistatik edo zinematik. Belarria ordea, nagusiki musika entzuteko hezi dugu, guztiz bestelako arauen bidez. Baina zorionez, ez dugu soilik musika entzuten. Hor daude soinuak, hotsak, distantziak, oihartzunak, dardarak, arriskuak eta emozioak ere. Eta haiek gabe, ezin dugu gure mundua azaldu.

Zinema gure eskuekin sor dezakegun ilusio bat da. Tailer honetan gure eskuekin eta inguruan daukagunarekin zinema egiteko modu ezberdinekin esperimentatuko dugu. Zinematografoa asmatu aurreko asmakizun eta teknologietako batzuekin jolastuko gara, filma manipulatuko dugu, haren gainean margotuko dugu eta gure ingurura begiratuko dugu zinema egiteko.

Sortzaileen eta eskoletan egingo dituzten hitzorduen xehetasun gehiago, HEMEN.