Espainiako ikus-entzunezkoen enpresetako produkzio arduradun eta zuzendari nabarmenak Arabako hainbat lekutan ibili dira aste honetan, lurraldeak film luzeak, telesailak, telebista saioak eta publizitatea grabatzeko eta ekoizteko agertoki gisa eskaintzen dituen aukerak sakon ezagutzeko.

Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak sustaturiko ekimena izan da honakoa, “ikus-entzunezko ekoizpenak erakartzeko, horren bidez lurraldearen ondare eta natura erakargarritasunak ezagutarazteko eta, gainera, jarduera ekonomikoa, enplegua eta herritarren eta enpresen aberastasuna sortzeko”. Hala, lurraldea ezagutzeko bidaia honetan, ibilbide zabala egin dute Gasteizko eta Arabako hainbat eskualdetako herri, eraikin historiko eta naturguneak ezagutzeko.

Besteak beste, Guardia, Eltziego, Eskuernaga eta Gatzaga Buradon ezagutu dituzte, baita herri horietako monumentu garrantzitsuenetako batzuk ere, hala nola Guardiako Erregeen Santa Maria eliza eta abadearen dorrea, upeltegiak, mahastiak eta naturan dauden kokalekuak. Halaber, Santa Katalina lorategi botanikoa eta Gatz Harana bisitatu dituzte Añanako eskualdean; Kexaako monumentu multzoa; Artziniegako Erdi Aroko hiribildua zein Maroñoko urtegia, Aiaran; eta Gorbeialdeko Kuadrillako Oroko Santutegia. Amaitzeko, Gasteizen egin duten ibilbidean foru jauregia, Santa Maria katedrala, Bibat museoa eta Erdi Aroko Almendra ikusi dituzte.

Zerga pizgarri berrien abantailak

Era berean, enpresa ekoizleek bilera tekniko bat egin dute, Arabako Foru Aldundiak ikus-entzunezko ekoizpenetan inbertitzeagatik eskaintzen dituen zerga pizgarri berriak ezagutzeko.

Izan ere, Arabako Foru Aldundiak abendu amaieran jaso zuen Bruselaren oniritzia: duela urtebete ingurutik Bizkaian dituzten kenkari fiskalak aplikatu ahalko dira ere lurraldean. Europako Batzordeak aste batzuk atzera argi berdea ematen zuen komunikatu bat helarazi bazuen ere, 2023aren itxieran jaso zuen foru erakundeak jakinarazpen ofiziala. Aldundiak «prozesu» bati ekin zion orduan, «sormenaren eta ikus-entzunezkoen industriarako pizgarri fiskal berriak» ezarriko dituen foru-arau bat onartzeko.

Hala, aurrerantzean, filmak eta telesailak filmatzeagatik kenkariak %50 eta %60 artekoak izango zirela iragarri zuten, beti ere, lurraldean egindako gastuaren arabera aplikatuko zirenak. Gainera, euskarazko ekoizpenen kasuan, konpainiek %70eraino desgrabatuko luketela azaldu zuten.