Quentin Dupieux zuzendari eta gidoilari frantziarraren Le Deuxieme Acte filmak irekiko du gaur Cannesko 77. Zinemaldia, guztira 22 film erakutsiko dituen lehiaketa ofizialetik kanpo. Jaialdia abusuen aurkako salaketa segida baten plaza izango ote denaren eta hainbat langile kolektibok -proiekzionistak, komunikazio arduradunak…- greba egingo ote dutenaren zurrumurruak indartsu zabaldu dira sektorean.
Aurretik ezaguna zen Quentin Dupieuxen The Secod Act-ek abiaraziko zuela aurtengo ekitaldia, eta azken egunotan publko egin dutenez, Coppolaren itzulerako lana, Megalopolis, ere bertan lehiatzekoa zen. Sorpesak aurretik ematea erabaki du Frémauxek, eta ikusteke egon da gaurko besterik utzi duen. Sail ofizialean zinemagile kontsagratuak ageri dira batez ere, eta berehala bilakatu dira sari gorena irabazteko faborito, besteak beste, Partenope (Sorrentino), Limonov – The Ballad (Serebrennikov), Caught By The Tides (Zhang-Ke) eta Kinds Of Kindness (Lánthimos). Horiekin batera lehiatuko dira The Apprentice (Ali Abbasi), Motel Destino (Karim Ainouz), Emilia Perez (Jacques Audiard), Anora (Sean Baker), The Shrouds (David Cronenberg), Grand Tour (Miguel Gomes), Marcello Mio (Christophe Honoré) , L’amour Ouf (Gilles Lellouche), Oh Canada (Paul Schrader) eta The Girl With The Needle (Magnus Von Horn). Aldiz, Urrezko Palma irabazteko emakumezko hautagaiak lau dira soilik: Bird (Arnod), The Substance (Coralie Fargeat), Wild Diamond (Agathe Riedinger) eta All We Imagine As Light (Payal Kapadia); epaimahai ofizialaren buru Greta Gerwig izango da.
Lehiaz kanpo George Millerren Furiosa: A Mad Max Saga eta Kevin Kostnerren Horizon, An American Saga dira bereziki nabarmendu diren proiektuak, eta Ohorezko Palma George Lucas estatubatuarrak jasoko du, Star Wars eta Indian Jones sagen ekoizle eta sustatzaileak.
Cannes Premiere atalean Leos Carax frantziarraren C’est Pas Moi-k sortu du ikusmina, eta Sergei Loznitsa ukrainiar miretsiaren The Invasion dokumentala emanaldi berezien atalean programatu dute. Un Certain Regard bigarren atal lehiakorrean -film aske eta irekiagoak jasotzen dituena- sortzaile berriei egin zaie beste behin tartea, eta Rodrigo Sorogoien zuzendari espainiarra izendatu dute bertako epaimahaiburu.
Euskadiko Filmategiak zaharberritutako Tasio (1984)
Zinemaren historiako maisulanak berreskuratu eta zaharberrituta aurkezten dituen Cannes Classics atalean ikusi ahalko da Montxo Armendarizen lehen fikziozko film luzea, Tasio (1984), maiatzaren 15ean, harribitxiz osatutako aukeraketaren parte. Euskadiko Filmategia arduratu da zereginaz, eta irailean, 72. Donostia Zinemaldiaren Klasikoak atalaren baitan pantailaratuko dute ere.
Besteak beste, ondorengo maisulanekin batera izango da ikusgai: Abel Gancek 1927an Napoleon Bonaparte enperadoreari buruzko Napoleon film kolosala, bost ordutik gorako iraupena duena; aurten 40 urte ere beteko dituen eta 1984an Urrezko Palma irabazi zuen Paris, Texas (Wim Wenders); Jean Luc-Godardek hil aurretik zuendu duen azken lana, Scenarios (2024); duela 70 urte Akira Kurosawak zuzendutako The Seven Samurai (1954); Charles Vidorren Gilda (1946); 1964ko Urrezko Palma lortu zuen Jacques Demyren The Umbrellas of Cherbourg musikala; edota Robert Bressonen Quatre nuits d’un rêveur (1971).
#MeToo salaketen eta grebaren itzala
Filmen gainetik, ordea, badira jaialdiaz mintzatzerakoan nagusitasunez gailentzen ari diren beste bi auzi. Batetik, egunotan zinema industrian jarduten diren emakumeek pairatzen dituzten abusuen aurkako salaketa segida izango ote den zurrumurrua haizatu dute Frantziako hainbat hedabidek. Horietan jasotakoaren arabera, jaialdiaren egunetan argitaratuko da hainbat emakumek Frantziako hamar zinema izarren aurka egindako salaketak biltzen dituen zerrenda bat.
Argitaratu ala ez, emakumeek zinema industrian ere paraitzen dituzten erasoen itzalak ilunduko du Cannesko agenda: Judith Godrèche aktoreak zuzendu duen Moi aussi film laburraren eskutik izango da, zeina Un Certain Regard atalean estreinatuko dute. Abusuen aurkako borrokaren ikur bilakatu da Godrèche, urte hasieran jendartera zabaldu baitzuen Benoît Jacquot eta Jacques Doillon zuzendariek abusuak egin zizkiotela laurogeiko hamarkadan, nerabea zela.
Bestalde, hainbat kolektibok -proiekzionistak, komunikazio atalekoak…- greba egingo ote duten beldurra zabaldu da ere Croisettean, baldintza prekarioak dituztelako eta Frantziako Gobernuak zaildu egin dizkielako protestak areagotu baitituzte azken asteetan.