Donostia Zinemaldiak 1960ko edizioan antolatu zuen I. Kartel Lehiaketara aurkeztu ziren proposamenak ikusgai jarri ditu sarean. Matías Fajn eta Laura Alhach Elías Querejeta Zinema Eskolako ikasle ohiek egindako ikerketaren emaitza da.
Cate Blanchett 72. edizioko lehen Donostia Sariaren hartzailea izango dela argitu eta sail bakoitzeko kartelak aurkeztearekin batera, Donostia Zinemaldiak Zinemaldia marraztea izeneko erakusketa birtuala jarri du denon eskura, Artxiboa webgunean. 1960ko uztailean zortzigarren ekitaldia ospatzekotan zen jaialdiaren -egoera politiko, kultural eta instituzional berezi baten abaroan- antolatutako I. Kartel lehiaketan parte hartu zuten sorkuntzen zirriborroak jasotzen ditu.
Artxiboa proiektuko lan-taldearekin batera egindako ikerketaren emaitza da erakusketa. Irtati Crespok koordinatuta, Matías Fajn eta Laura Alhach Elías Querejeta Zinema Eskolako ikasle ohiak dira komisarioak: kartelen zirriborroak 2022 urtean aurkitu ostean, azaldu dutenez, “katalogazio eta digitalizazio lan handi baten ondoren aztertu ahal izan dira”. Bada, Zinemaldia marraztea erakusketak “jaialdiaren ekimen aitzindari ezezagunaren berri eman nahi du, parte hartu zuten zirriborroen bidez, materialetarako hurbilketa proposatuz eta lehiaketaren nondik norakoak erakutsiz”.
Itxurazko irekiera demokratikoa
Frankoren erregimenak Gerra Zibilaren amaieratik indarrean zegoen sistema autarkikoa irekitasunaren aldeko bidea markatu zuen gobernu teknokratarekin ordezten zuen bitartean, Donostia Zinemaldia nazioarteko eszenan birkokatu zen 1957ko udaberrian, FIAPFen kategoria gorena lortu eta gero. Hala, eraldaketa frankistaren erakusleiho bihurtu zen.
Antonio Zulueta Bessonen zuzendari izendatu berriaren gidaritzan, Zinemaldia lehen aldiz Ekialdeko zinemetara zabaldu zen, estatuko Zinematografiako Eskolen I. Jardunaldiak antolatu zituen eta Ameriketako askotariko ekoizpenak jaso zituen, MPEAArekin sinatutako akordioei esker. Zabalbide horren baitan erabaki zuten kartel lehiaketa antolatzea, ekimen demokratizatzailearen itxurapean, ordura arte elite txiki bati zuzentzen zitzaion zinema-jaialdi batean. Erakunde eta elkarte artistikoak gonbidatu zituzten parte hartzera, eta 50 kartel-zirriborrotik gora jaso zituzten, herrialde osoko artistenak.
Erabilitako tekniken artean collagea, gouachea, akrilikoa, akuarela eta argizaria izan ziren nabarmen, eta zenbait motibo errepikatu ziren: pelikula fotokimikoa, maskorraren ikurra, tresna teknologikoak (kamerak eta fokuak, esaterako), ikusleen irudiak eta Kontxako hondartzaren ikuspegi zenitalak.
Partaideen artean, Pascuala Campos Michelena gazteak bidali zuen proposamena nabarmendu du Zinemaldiak, lehiaketara aurkeztu zen emakumezko bakanetakoarena: Albastros lemapean aurkeztu zena. Campos Michelena arkitekturaren eta Galiziako militantzia feministaren funtsezko figura izan zen gerora, baita Espainian proiektu-katedra bat lortu zuen lehen emakumea ere, Espacio y Género lanari esker. Kartel lehiaketara bidalitako marrazkian emakumezko baten aurpegia ageri da, begiak infinituan jarrita dituena, zeinaren silueta pintzelkada beltzez eta trazu horiz, urdinez eta gorri ilunez osatu baita.
Itxura batean lehiaketa harmoniatsua izan zen, baina gogorarazi dutenez, “irabazlearen hautaketak zalantzan jarri zituen ekimenaren hasierako asmoak”. Antolakuntzatik kanpo zeuden artistek osatu zuten epaimahaia, eta Cinta azul aukeratu zuten garaile, Grupo 13 kolektiboko sortzaile eta diseinatzaile zen Fermín Hernández Garbayorena. Proposamenean, gizonezko baten aurpegiz karikaturizatutako pelikula-zati batek maskor txiki bati begiratzen dio. Diseinu irabazlea jakinarazi ondoren, Zinemaldiak zenbait komunikaziotan egileari eskatu zion zirriborroa “moderniza” zezala lehiaketaren kartel ofiziala sortzeko. Garbayok jatorrizko marrazkiaren sei bertsio ere bidali zituen. Aurpegia profilatu zuen, irribarrea jarri zion, bertsio batetik bestera koloreen eboluzioa gertatu zen, baina halako batean posta-trukea eten egin zen. Aldaketak egin zizkien arren, bertsio horietako bat ere ez zuten erabili 1960ko Donsotia Zinemaldiko kartel ofizialean. Izan ere, Zinemaldiak Fernando Boronati berariaz eskatutakoa baliatu zuen.
Hurrengo urtean, Zulueta Bessonek Zinemaldiaren zuzendaritza utzi ostean, jaialdiko Batzorde Exekutiboak erabaki zuen gutxienez bederatzigarren edizioan kartel-lehiaketarik ez egitea. Zenbait urte eta gero berriz antolatu zuten arren, 1960ko lehen kartel-lehiaketa horrek agerian jarri zituen kontrolatzera behartuta zegoen Zinemaldiaren barne-tentsioak.